GARA
BAIONA

Mexikon desagertuta zegoen bikote lapurtarra hilda topatu dute, ostatuan lurperatuta

Irailetik Mexikon desagertuta zeuden Michel Amado eta Assya Madjour senar-emazte lapurtarrak hilda topatu dituzte beren ostatuan, Yucatanen. Patioan lurperatuta aurkitu dituzte gorpuak.

Michel Amado eta Assya Madjour Mexikoko Yucatan probintzian bizi ziren.
Michel Amado eta Assya Madjour Mexikoko Yucatan probintzian bizi ziren. (GARA)

Michel Amado eta Assya Madjour lapurtarrak Mexikon bizi ziren, Yucatan probintzian. Irailetik desagertuta zeuden eta haien senitartekoek salaketa jarri zuten. ‘Sud-Ouest’ egunkariak atzo baieztatu zuenez, bikotea hilda topatu zuten Valladolid herrian, biek kudeatzen zuten ostatuan.

Yucatango Fiskaltzaren bulegoak eman zuen berria, eta gorpuak joan zen asteburuan aurkitu zituztela zehaztu zuen.

Yucatan Ahora hedabideak sareraturiko informazioaren arabera, Poliziak Catrina de Candelaria izeneko ostatua arakatu zuen joan zen ostiral eta larunbata bitartean. «Ostatuko patioan lurperaturik atzeman zituzten bikotearenak liratekeen gorpuak», idatzi zuen hedabideak.

Gorpuen analisiak martxan zirela gaineratu zuen aipaturiko atariak. Izan ere, atzo familiak baieztatu zuen 57 urteko Michel Amado eta 50 urteko Assya Madjouren gorpuak zirela aurkitutakoak.

Urteak Mexikon bizitzen

Bikotea duela urte batzuk joan zen Mexikora bizitzera. Playa del Carmenen zituzten zenbait bizitoki saldu ondoren, egun Valladoliden ostatu bat berreraikitzen ari ziren, familiak aditzera eman zuenez.

Familiarengan alarma piztu zuen bikotearen mezu batek, zeinak zioen Chiapas estatura zihoazela zentro espiritual batean egonaldia egitera.

Kontaktuan jartzen saiatu ziren, baina, lortu ez zutenez, desagertzea salatu zuen familiak, Mexikoko hiriburuan frantses Estatuak duen Enbaxadaren bidez.

Fiskaltzak joan zen astean azaldu zuenez, bikotea ez zen inoiz heldu Chiapas estatura.

Horren ondotik, Poliziaren ikerketak Yucatanen zentratu ziren berriz ere. Donibane Lohizunekoa zen Michel Amado, eta ziburutarra Assya Madjour. Mexikoko Valladolid hirian hil ziren.