GARA
DONOSTIA

Osakidetzako auziaren ondorioz, beste langile batek dimititu du

Osakidetzako EPEn filtrazioak salatu zituen beste anestesista batek, Manoel Martinezek, bere kargua utzi duela jakinarazi du ESK sindikatuak. Orain hilabete batzuk erabaki berbera hartu zuen Roberto Sanchezek ere. Hau berriro mintzatu da bizi izandako aferaz.

Osakidetzako langileen protesta bat.
Osakidetzako langileen protesta bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

ESK sindikatuak jakinarazi du EPEn filtrazioa salatu zuen beste anestesista batek, Manoel Martinezek, bere lanpostua utzi duela Debagoieneko Ospitalean «jazarpen eta tratu txar instituzionalengatik», maiatzean Roberto Sanchez kideak egin zuen bezala.

Sanchezekin hitz egin zuen atzo NAIZ Irratiak, eta aurreratu zuen ez duela sorpresaz hartu Martinezen erabakiak. Haren hitzetan, eurak kontrolpean izateko zuzendaritza aldatu zuten bere garaian, eta bere funtzioa betetzen ari da. Modu askotara egin dizkiete presioak; horien artean, lan txandak baliatuta. «Nire kasuan, min handien ematen zidanean jartzen zizkidaten guardiak. Nik familia daukat, eta lan egin izan dut sei aste jarraian, jai egunik izan gabe», kontatu zuen.

Egoera salatzera iritsi zela kontatu zuen; baina zehaztu zuen, abiatu zuten ikerketa ez zela izan zuzendaritzaren jazarpena aztertzeko, langileen jarduna baizik. «ESK sindikatuarekin batera joan ginen Luisa Larraurirekin, Osakidetzako giza baliabidetako zuzendariarekin, hitz egitera. Azaldu nion jazarpen hau ezin nuela gehiago jasan eta nire bizitzan lehen aldiz baja bat hartu behar izan nuela. Erantzun zidan ‘ez bazaude gustura, agian alde egin beharko zenuke’», kontatu zuen irratian anestesista ohiak.

Testuinguru honen aurrean, Gotzone Sagardui sailburuak adierazi zuen Osakidetzak berdin eta errespetuz tratatzen dituela bere langileak. Errealitatea bestelakoa dela aipatu du Sanchezek; Osakidetzako zuzendaritzak «osasun erakundea patrimonializatu» duela salatu zuen.

«Osakidetzako auzia atera zenean, barne ikerketa bat egin zen. Hango grabaketa batzuk argitaratu zituen kazetari batek, eta horietan jende askok esaten zuen iruzurra egon zela; baina ikerketaren ondorioa izan zen ez zela iruzurrik egon», aipatu zuen medikuak.

Egoera gogorrak

Osakidetzak dena ezkutatu zuela salatu zuen Sanchezek. «Osakidetzako zuzendaritzaz ari gara. Beti esan dugu langileen maila izugarri altua dela. Zuzendaritzakoak denbora asko daramate hor. Nire ustez aire berria ekarri behar da. Eta argi utzi behar da zerbait publikoa dela, eta ez kudeatzen dutenena», iritzi zuen.

Sanchezek lana utzi ostean, geriatrian dihardu. Aurretik lehen arretan aritu zen, baina postu horretara itzultzea ez zen aukera egokia berarentzat. «Badakit nola dagoen lehen arreta. Lankide batekin topo egin nuen eta negarrez hasi zitzaidan, esanez goizeko txandan zegoen arren egunero arratsaldeko 5etan edo 7etan ari zela etxera bueltatzen, ezin zituelako bere pazienteak utzi. Eta hori ez du inork eskertzen. Kontrara, Sagarduik ahal duen guztietan biktimizatzen ari garela esaten du. Egoera honekin zerbait egin behar da», ondorioztatu zuen.