Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ezusteak usteak balira, ustel gutxiago

Ezustekoz ezusteko bizi gara azkeneko denboran. Kasu batzuetan pandemia esaten dugu uste ez genuen hori gurean dugunean. Beste batzuetan krisia, honena edo harena. Usteen inflazioa, edo. Total, mende honetan hain gara uste mugatukoak, non gero eta gehiago gertatzen zaiguna ezusteko hartzen dugun! Hortaz, usteak ustel! Ezusteak usteak balira behintzat, ustel gutxiago! Gure poetak kantatu legez, «ez gara hain onak benetan».

Ez dakit klima aldaketa ala aldaketa klima den, jaungoikoak baleki! Baina horra azkena, onddoen pandemia! Ez naiz horretan aritua, ez aditua, baina pentsa liteke onddoak deflaktatu egin direla, ezustean betiere, eta han-hemen kolpean hartu dituzte bide-bazterrak. Esan ohi da onddo asko bizkarroiak direla, baina egun hauetan zale asko dira bizkar-zorroa onddoez beteta bueltatzen direnak, ezustean jakina!

0 kilometroko jarduera. Arabako Mahastiak sor-markarena bezala. Nahiz eta, ondo pentsatuta, Arabako Nahasteak izan liteke. Marka gero sor-marka horrena! Jaurlaritzak herrialdeko upategiei bidea zabaldu eta Aldundiak lehengo jatorri izenean jarraitzea nahi. Hots, jelkideak eta jeltzaleak ez datoz bat, sor markaren alde batzuek eta zor-marka mantendu nahi besteek. Nork-Nori-Zor.

Total, hemen onddo bila upategien inguruan eta ekialde horretan alde-erasoka eta kontra-erasoka, ibaiak ardatz. Auskalo zelan izango diren horko biharko mapak, hain dira gaurko mugak aldakor! Argi-indarraren prezio muga beste aldakor! Portzierto, lehengoan umeak entzun nituen berbetan eskolako patio orduan, megawatt orduko prezioaz ari ziren, baloia bazter batean hustuta. Gero prentsan ikusi nuen Matxitxakotik hurbil xibarta bat bistaratu dutela, hiru korapiloko abiaduran. Ama, ama, korapilo guztiak holakoak balira!