GARA

Bideojokoetan aritzeak onurak ditu haurren garunean, ikerketa batek dioenez

Gurasoak askotan kezkatzen dira bideojokoek seme-alabengan izan ditzaketen ondorio kaltegarriengatik. Ikerketa zabal batek, ordea, denbora-pasa horrek onura kognitiboak dakartzala frogatu du.

Ikerketa zabalagoa egitea espero dute ikertzaileek.
Ikerketa zabalagoa egitea espero dute ikertzaileek. (GETTY IMAGES | GETTY IMAGES)

AEBetako Vermonteko Unibertsitateko psikiatriako irakasle laguntzaile Bader Chaarani-k eta haren lankideek “Nerabeen Garunaren Garapen Kognitiboa” (ABCD, ingelesez) deituriko ikerketaren emaitzak zabaldu berri dituzte. Horren arabera, bideojokoetan aritzea onuragarria da.

Zortzi eta bederatzi urte arteko 2.000 haurren garunen irudietan jarri zuten arreta, bi taldetan banatuta: inoiz bideojokoetan jokatzen ez zutenak eta egunean hiru ordu edo gehiagoz jokatzen zutenak.

Talde bakoitza bi zereginetan ebaluatu zuten. Lehenengoan geziak jarri zituzten eskuinera edo ezkerrera begira, eta haurrei gezi bakoitzaren norabidea ahal bezain azkar sakatzeko eskatzen zitzaien. «Stop» seinale bat ikusiz gero ezer ez ukitzeko ere eskatu zieten, euren bulkadak kontrolatzeko gai diren ikusteko.

Bigarren zereginean pertsonen aurpegiak erakutsi zizkieten, eta ondoren beste irudi bat erakutsita aurretik ikusitakoarekin bat zetorren ala ez galdetzen zieten, nolako memoria zuten egiaztatzeko.

Emaitzak alda ditzaketen aldagaiak kontrolatzeko metodo estatistikoak erabili ondoren -hala nola gurasoen diru-sarrerak, koefiziente intelektuala eta osasun mentalaren sintomak-, taldeak ondorioztatu zuen gamer-ak hobeto moldatzen zirela bi zereginetan.

Probak egiten zituzten bitartean, haurren garunak eskaneatu zituzten erresonantzia magnetiko funtzional bidez (fMRI). Bideojokoekin jokatzen zutenen burmuinek jarduera handiagoa erakutsi zuten arretarekin eta memoriarekin lotutako parteetan.

«Aurkikuntzak erakusten digu bideojokoek erantzuna eta lan memoriaren trebetasun kognitiboak hobetzen dituztela», ondorioztatu zuten egileek beren azterlanean.

Azterketak aurrera jarraitzen du

«Oraindik ezin da jakin errendimendu kognitibo hobeak gehiago jokatzera bultzatzen duen, edo horren emaitza den», dio Chaaranik. Ikertzailea bera «gamer»-a da, beraz, gaian interes handia duela aitortu zuen.

Aurretik argitaraturiko beste ikerketa batek eragin negatiboak zituen aztergai, eta bideojokoak depresioarekin eta agresibitate handiagoarekin lotzen zituen.

Charaaniren esanetan, ikerketa hartan parte-hartzaile kopuru txikia hautatu zen, batez ere garuneko irudiei dagokienez. Hala, ikertzaileek espero dute azterketak aurrera egiten duen heinean erantzun argiagoak lortzea; esaterako, orain aztertutako haurrak urte batzuen bueltan berriro aztertu nahi dituzte, epe luzera bideojokoek zein ondorio dituzten ikusteko.

Horrela, beste faktore batzuk ere kontuan izango dituzte: etxeko ingurunea, ariketa fisikoa eta loaren kalitatea.

Epe luzeagoan aztertuta, bideojokoen generoen araberako emaitzak banatu ahal izango dituzte; lehen ikerketa honetan “Fortnite” edo “Assassin’s Creed” bezalako ekintza-jokoen alde egin dute.

«Jakina, pantaila denbora gehiegiz erabiltzea txarra da buru-osasunerako, oro har, jarduera fisikoa murrizten duelako», argitu zuen Chaarani ikertzaile nagusiak.

Hala ere, ikerketaren emaitzek erakutsi zuten bideojokoetan aritzea Youtuben bideoak ikustea baino onuragarriagoa dela, azken honek ez baitu identifika daitekeen eragin kognitiborik.