Jocelyn Bell astrofisikaria honoris causa doktore izendatu du EHUk
Graduondoko ikaslea zela, 1967an, Jocelyn Bell astrofisikariak pulsarraren lehen irrati- seinalea aurkitu zuen eta, horri esker, izarren bilakaeraren teoria kontrastatu ahal izan zen. Bere ibilbidean hamaika aitorpen jaso ondoren, EHUk honoris causa doktore izendatu du.

24 urte baino ez zituen Jocelyn Bell Burnell (Belfast, 1943) astrofisikari irlandarrak pulsarraren lehen irrati-seinalea aurkitu zuenean beste ikerketa kide batzuekin batera. Aurkikuntzak oihartzun handia izan zuen, horri esker izarren bilakaeraren teoria kontrastatu ahal izan baitzen.
Irlanda eta Erresuma Batuko zientzialari garrantzitsuenetakoa da eta aurkikuntza hartatik gerora ikerketan segitu du, nekaezin. Bidean izan dituen aitortzak eta sariak zenbatezinak dira; azkena, atzo eguerdian Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik jasotakoa: honoris causa doktore izendatua izan zen.
Jocelyn Bell hunkituta agertu zen, eta unibertsitatearen «eskuzabaltasuna» bihotzez eskertu zuen, beraien arteko «komunitatearen parte» egiteagatik.
Pulsarra intentsitate oso handiko irrati-seinaleak igortzen dituen neutroi-izarra da, tarte labur eta erregularretan egiten du lan hori. 1967an egin zen aurkintza hark polemika katea ekarri zuen orduan. Aurkikuntza iragarri zuen artikuluak bost autore baitzituen, eta bere tesiaren ikuskatzaile Antony Hewishek bakarrik jaso baitzuen 1974an Fisikako Nobel Saria lan horrengatik.
Zientzialari askok kritikatu egin zutenJocelyn Bell ez aipatzea, eta eztabaida handia sortu zen, nahiz eta berak beti garrantzia kendu dion eta bere ibilbide zientifikoa garatzen jarraitu zuen aurrerantzean ere.
Astronomiaren Errege Elkarteko eta Fisika Institutuko presidentea izan da Bell Erresuma Batuan. Sari ugari jaso ditu, besteak beste, Oinarrizko Fisikaren Aurrerapenerako Sari Berezia (Breakthrough Prize in Fundamental Physics, 2018), munduan diru saririk handiena duena. Sariaren 2,3 milioi librak gutxiengo etnikoetako emakumeei eta emakume errefuxiatuak fisikako ikertzaile bihurtzen laguntzeko proiektuei eman zizkien. Gaur egun astrofisikako irakasle bisitaria da Oxfordeko Unibertsitatean, eta Mansfield College-ko kidea.
«Izarrartean falta den izarra»
Honoris causa doktore izendatzeko ekitaldia atzo eguerdiaren bueltan hasi zen aktaren irakurketarekin, eta ondoren Ruth Lazkoz doktoreak laudatioa irakurri zuen. Errektoreak honoris causa doktore izendatzeko akta sinatu ondoren, Jocelyn Bellek ohiko zuhaitza landatu zuen; kasu horretan pago bat izan zen landatutakoa. Jarraian, errektoreak titulua eta birreta saria eman zizkion sarituari.
Eva Ferreira errektoreak irlandarrari titulua eta birreta janztean, Pedro Miguel Etxenike fisikaria parafraseatu zuen: «Gogoan dut Etxenike irakaslearen esaldi bat, ukatu ezin den gertaera objektibo bat zehatz eta eder laburbiltzen duena: ‘Jocelyn Bell da Nobel Saria osatzen duen izarrartean falta den izarra’».
Jocelyn Bell Euskal Herriko Unibertsitateko zortzigarren emakume honoris causa doktorea da 1982tik banatu diren sarietan. Orain artean saria jaso dutenak Micaela Portilla (1993), Carmen Codoñer (2003), Marilyn Strathern (2011), Carmen Reinhart eta Maria Vallet Regi (2013), Maria Jesus Esteban (2016) eta Sonia Livingston (2017) izan dira. Eta aurtengoa irlandarrarentzat izan da.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
