Imanol CARRILLO
PILOTA

Iker Salaberria, kaiolako Promozioko txori askea

Aurrelari goizuetarrak Aimar Olaizolaren lekukoa hartu eta Lau eta Erdiko bere lehen finalean txapela eskuratu du, Julen Egigurenen aurka irabazita. Labriteko partida erritmo askorekin hasi zen. Nekea nabaritu zuten bi pilotariek tantoak egin ahala, eta neurketa partzialetara jokatu zen.

Salaberria, Lau eta Erdiko txapela buruan duela, Egiguren serio baten ondoan.
Salaberria, Lau eta Erdiko txapela buruan duela, Egiguren serio baten ondoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Goizuetak badu txapeldun berria. Azken hamarkadetan Aimar Olaizola herriko kirolari kutuna izan bada ere, oraingoan badirudi Iker Salaberriak lekukoa hartu diola gaur egun Hondarribian bizi den pilotari ohiari. Aurrelari gazteak Lau eta Erdiko Promozioko Txapelketako finala irabazi zuen atzo, Iruñeko Labriten, Julen Egiguren enpresa bereko pilotariari irabazita. Ez da ahaztu behar Aspek lau pilotariak dituela bi finaletan, Promoziokoan eta Lehen Mailakoan: atzoko Egiguren VI.a eta Salaberria, eta hurrengo igandean Bilbon jokatuko duten Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia.

Atzokoan, Salaberriak, kaiolako bere lehen finalean, txapela jantzi zuen. 16-22ko emaitzak adierazten duena baino orekatuagoa izan zen partida. Eta gogorra. Zentzu honetan, Egiguren VI.ak, 1,88 metroko garaiera duenak, gehiago sufritu zuen lehia hasieran bi pilotariek neurketari emandako intentsitatea. Salaberriak (1,75 metroko garaiera) hobeto eutsi zion faktore horri, bere lehen txapel handia lortzeko.

Esan bezala, finala erritmo askorekin hasi zen. Bi pilotariek altueran ezberdintasun nabarmena dute, baina biak pilotari oso finak direla erakutsi zuten berriz ere, txapelketa osoan bezala. Tanto gogorrak eta luzeak joan ahala, hanketan nekea igartzen hasi ziren biak, are gehiago bezperako eta aurreko egunetako tentsioa jasan ondoren.

Neurketa partzialetara jokatu zen. Hau da, Egigurenek sake on batekin hasi zuen finala eta nahiko parekatuta joan ziren bi aurrelariak -tartean tanto politak ikusi ziren-, baina orduan Salaberriak 0-4ko partzial bat lortu zuen, lehen aldiz markagailuan alde egiteko (3-6). Nafarrak, ordea, huts egin zuen hurrengo tantoan, indar gehiegi eman baitzion pilotari, pasa egin arte.

Azpeitiarrak hartu zuen orduan agintea eta 7-0ko beste partzial batekin 10-6 ipini zen aurretik. Bazirudien gipuzkoarrak finalari neurria hartuta ziola, baina ezta gutxiagorako ere. Salaberriak berriro sakea berreskuratu eta min handia egin zion aurkariari. Egigurenek berak zenbait huts eginda ere, goizuetarrak 0-10eko partziala sinatu eta 10-16 ipini zen markagailuan aurretik.

ZERBAIT EZBERDINA BILATZEN

Joko psikologiko horretan Egiguren ez zen makurtu, eta hiru tantora hurbildu zen (13-16), aurrean zuen pilotariak 0-4ko beste partzial bat egin zuen arte (13-20). Dena bere alde zuen Salaberriak, baina azpeitiarrak zerbait ezberdina egin zuen aukerak izateko: sakean aurreratu, ondo erantzun eta goizuetarrak huts egin zuen. Egigurenek 16-20 ipini zuen markagailuan, baina hurrengo tantoan oparia egin zion aurkariari, eta honek sakez amaitu zuen finala.