NAIZ IRRATIA
DONOSTIA
Entrevista
josu Estarrona ELIZONDO
Alternatibaren zuzendaritzako kidea

«Aberastasuna banatu behar da, baina horretarako borondatea falta da»

Azaroaren 12ko asteburuan berritu zuen bere Koordinakunde Nazionala Alternatibak eta datozen hiru urteetarako zazpi kide berriz osatu dute zuzendaritza. Josu Estarrona Elizondo bertako kidearekin egin du Naiz Irratiak alderdiaren eta gaur egungo testuinguruaren balantzea. Klima larrialdia gainditzeko eremuan eta fiskalitatean kokatu ditu erronka nagusiak.

(Juanan RUIZ | FOKU)

Garai katramilatsuan heldu da Alternatibaren Koordinakundearen berritzea. Bizi ditugun garaiak ez dira samurrak, eta horren jakitun dira alderdian. Josu Estarrona Elizondo zuzendaritza horretako kidea da, eta Naiz Irratiarekin aritu zen solasean ostegunean. Bere hitzetan, «aldaketa asko izan ditugun aro batetik, aro berri batera» pasatu gara, galdera asko dituen garai batera, eta erronkak horien arabera ulertu behar dira.

Gerra giroak ez du asko laguntzen: «Historiak erakutsi digu edozein eskalada militarren aurrean elkarrizketa dela modurik egokiena irtenbidea topatzeko. Hori ez bada horrela, ondorioak neurtezinak izan litezke», eta hori da, bere ustez, azken egunetako gertaerekin egiaztatu dena.

Pablo Gonzalez

Estarronak gogorarazi zuen Polonian badela euskal kazetari bat, Pablo Gonzalez, bahituta eta inkomunikatuta dagoena duela zortzi hilabetetik, eta euskal erakundeei dei egin zien auzia agenda politikoan kokatzeko eta haren askatasunaren alde mugitzeko.

Alternatibako kideak ikusten du, halaber, honek guztiak herritarren artean etsipen giroa zabaltzea dakarrela eta arduradun politiko eta instituzionalen lana dela horretaz kontziente izan eta laguntzeko moduak bilatzea.

Bi eremutan kokatu zituen Estarronak, batez ere, Euskal Herriko erronka nagusiak: klima aldaketan eta fiskalitatean. Azken honetan, «aberastasunaren banaketak» lehentasuna izan behar duela esan zuen Alternatibako eledunak, baina «borondate falta» ikusten du gobernuko kideen artean.

Fiskalitatea

Horixe izan da, hain justu, EAEko aurrekontuen negoziazioan EH Bilduk mahai gainean jarri duen eztabaidetako bat. Lakuako Ogasun Sailetik jaso berri dute egindako proposamenen erantzuna eta horiek aztertzen ari dira orain.

Estarronak baieztatu zuenez, «urruti» ikusten dute Pedro Azpiazu sailburuak egindako planteamendua, baina ez dute «erabakirik» hartu.

Eremu zehatzagoetara jota, Estarronak «kezkaz» bizi du herritarrek etxebizitza lortzeko gero eta zailtasun gehiago izatea, baita Osakidetzaren egoera ere. Bi gai horietaz sakon hausnartu behar dela esan zuen, betiere herritarren beharretara egokitzea bilatuz.

Ezinegona sortzen dio Estarronari espetxe politika ereduak ere. Lakuak kartzelen eskumena bereganatu zuenetik urtebete igaro da, eta eskumena lortze hutsa «positiboa» izan da, baina «asko dago egiteko eta eztabaidatzeko espetxe ereduaren inguruan».