Joseba Ezkurdia, txapela buruan: «Azkeneko txapa ikaragarri entzun dut»

«Nire buruarekin oso harro nago». Edozein kirolarik egin nahiko lukeen adierazpena da hori. Bada, atzokoan ez zen protagonista bakarra izan esaldi hori esan zuena; bi izan ziren, merezita, gainera: Joseba Ezkurdia Lau eta Erdiko txapelduna eta Jokin Altuna txapeldunordea. Batek bakarrik irabaz zezakeen, baina Bilboko Bizkaia Arenan bizitakoa ikusita, pilotak eta pilotazaleak irabazten atera zirela azpimarra daiteke, bi protagonistek sekulako erakustaldia eman baitzuten.
Emaitzari soilik begiratuta (22-21), garaipena gehiago gozatuko zuen ziur aski Ezkurdiak. Eta emozioak ere oso agerian zeuden finala amaitzerakoan. Arbizuko aurrelaria asko hunkitu zen txapela nori eskaini nahi zion galdetu ziotenean. Gurasoei eta arrebari eskaintzeaz gain, hitz politak izan zituen bere bizitzan garrantzitsuak izan diren bi seniderentzat. «Nahi nuke akordatu, bai Gastesi lehengusua, lehengo urtean joan zena, eta aurtengo urtarrilean osaba Patxi joan zitzaigula. Beti maitatua sentitu naiz beraiengandik, beti segitzen zidaten atzetik eta txapela beraientzat da», azpimarratu zuen.
«Aurtengoa, urte ikaragarria»
Bi pilotariek huts gutxi egin zituzten eta finala detaileengatik erabakiko zela argi zegoen. «Konfiantza nuen nire buruarekin. Nekatuta, baina banekien fisikoki ondo nengoela oraindik eta horrek errazago iristen uzten dizu. Bukaeran, 21-20koan izan ditut pelotazo batzuk tantoa bukatzeko, baina berak asko defenditu du. Bukaeran, hil ala bizi, kale edo bale, nire aldera erori da eta oso gustura», azpimarratu zuen nafarrak.
Momentu batez, Beasainen jarri zuen begia: «Elordiren kontra galduta, zeinek esan gaur txapelarekin ikusiko nintzenik...», adierazi zuen. Baina segituan konturatu zen «aurtengo urtea ikaragarria izaten ari dela. Buruz Buruko finala galdu nuen, baina udaran oso sentsazio onekin aritu naiz, Lau eta Erdikoan ere bai. Bi final, gustura. Egunero entrenatzen gara ahalik eta borroka gehiena emateko eta horretan saiatuko gara hemendik aurrera ere. Ea urte askoan goian egoteko aukera dudan», amaitu zuen.
Kontrako aldean, «min handia» zuen Jokin Altunak azken txaparekin agian amesgaiztoak izango ditu gaur gauean -«bukaerako tanto horrekin, buelta batzuk emango dizkiot», adierazi zuen-, baina «harro nago dena eman dudalako», azpimarratu eta aurkariari meritu osoa onartu zion. «Ez zait gustatzen aitzakiak bilatzea. Bera gehiago izan da, zoriondu besterik ez dago eta gozatu dezala. Berak merezi du, langile aparta da, pilotari ikaragarria. Beste batean izango da», adierazi zuen Jokin Altuna txapeldunordeak.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
