GARA
DONOSTIA
KARTZELA POLITIKA

76 urteko Joseba Arregi espetxeratu dute berriz, 3. gradua kenduta

Joseba Arregi Erostarbe preso dago berriz Martutenen, hirugarren graduaren aurka Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak abiatutako erasoaldiaren karietara. Bertan behera utzi dute Lakuak onartutako hirugarren gradua, baldintza guztiak betetzen eta 76 urte dituen arren.

Gasteizen, urriaren 28an, hileko azken ostiralarekin egindako mobilizazioa.
Gasteizen, urriaren 28an, hileko azken ostiralarekin egindako mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hilabete eskasean lau euskal preso espetxeratu dituzte berriro, hirugarren gradua bertan behera utzi izanaren ondorioz. Azkena atzo bertan jakin zen; Joseba Arregi Erostarbe oñatiarra da, dagoeneko 30 urte preso egin dituena eta egun 76 urte dituena.

Xabier Atristain, Mikel San Argimiro eta Aitor Esnaolarekin egin berri duten bezala (eta lehenago Unai Fano, Iñigo Gutierrez eta Jon Cresporekin), Fiskaltzak aurkezturiko helegitea ontzat jo du Auzitegi Nazionalak. Eta horrekin, Martuteneko espetxeko Tratamendu Batzordeak egindako txostenak zein Lakuako Justizia Sailak hartutako erabakiak baliogabetu ditu.

Nabarmentzekoa da, kasu honetan, hilabete asko luzatu dela Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren erabakia. Izan ere, otsailean onartu zuen Lakuak kalifikazio hau, beste zazpi presorenarekin batera. AVTk azkar jo zuen horren kontra, eta hedabide espainiar askotan Arregi izan zen zortzi kasuen artean bereziki azpimarratutakoa. Jarraian, helegite bakarra aurkeztu zuen Fiskaltzak; bere kontrakoa, alegia.

Berriz espetxeratze honek baditu ezaugarri bereziki larriak: izan ere, Joseba Arregik 76 urte ditu gaur egun, zenbait arazo fisiko metatu ditu preso emandako 30 urteotan, eta zigorraren hiru laurdenak 2020. urtean gainditu zituen. Europak agindu zuen legez, Estatu frantsesean betetako urteak (hamar) espainolean kendu izan balizkiote, aspaldi egongo zela kalean salatu zuen Etxeratek. Honetaz gain, hirugarren gradua eskuratzeko proposamena jada aurretik egina zuten Martuteneko kartzelako profesionalek, baina Gobernu espainiarraren menpeko Espetxe Zuzendaritzak ez zion kasurik egin. Eskumena Lakuak jaso zuenean, hori ontzat hartu eta kalifikazioa onartu zion.

Etxeratek haserrea eta gaitzespena adierazi zuen, gradu erregresioarekin «Espainiako Justiziak bere alderik ankerrena erakutsi duelako, kasu honetan Arregiren eskubideak urratuz».

Arregiren askatasunaren alde deituko diren mobilizazioekin bat egiten duela iragarri zuen Etxeratek.

Goienetxearen bikotekideak auto istripua izan du

Ihintza Bidartek, Errenteriako Xabier Goienetxea euskal presoaren bikotekideak, auto istripua izan zuen joan den larunbatean Lannemezango espetxetik bueltan zetorrenean, bisitaren ostean. Baionatik 170 kilometrotara dago kartzela. Etxeratek adierazi zuenez, Bidarte ez zen zauritu, baina automobilak kalteak izan zituen motorrean eta txapan.

Istripua A64 autobidetik irten ondoren gertatu zen, Peyrehoradeko irteeran, Hastings-en hain zuzen ere, arratsaldeko 18.40ak aldera. Ordurako ilunduta zegoen. Bidartek gidatzen zuen autoak orkatz baten kontra talka egin zuen eta, horren ondorioz, errepidetik atera zen. Berak ez zuen kalterik jasan. Kilometro batera dagoen gasolindegi bateraino gidatu zuen; eta, han egin beharreko gestio guztiak egin ondoren, bueltarako bidaia taxi batean egin zuen. Igandean, ospitalera joan zen berrikuspena egin ziezaioten.

Euskal preso gehienak Euskal Herriko espetxeetan dauden arren, gaur egun oraindik ere hamabi preso Estatu frantseseko kartzeletan daude -horietako bat Parisen, eta beste guztiak Lannemezanen-; eta beste hamalau Estatu espainoleko espetxeetan daudela gogorarazi zuen Etxeratek.

«Edozein kasutan, ezin dugu ahaztu bisitak egiteko errepidera ateratzen garenean arriskuak hartzen direla beti», ohartarazi zuen. Bidarten istripua aurten gertatzen den bigarrena da. Iaz lau izan ziren. Etxeraten datuen arabera, dispertsioa indarrean jarri zutenetik, 400 istripu inguru gertatu dira. Kaltetutako senideak eta lagunak 1.000 inguru izan dira, eta hildakoak, hamasei.

«Ezin da horrelakorik berriz errepikatu. Bada garaia preso guztiak Euskal Herriratzeko eta presoek, iheslariek eta deportatuek egin behar duten etxerako bideari oztopo gehiago ez jartzeko. Etxean eta bizirik nahi ditugu», aldarrikatu zuen senideen elkarteak. GARA