GARA
GASTEIZ

Arabako Metalgintzako akordioa sinatu dute CCOO, UGT eta LABek

CCOO, UGT eta LAB sindikatuek irailean sinatutako Arabako Metalgintzaren hitzarmenerako aurreakordioa izenpetu zuten atzo SEA patronalearekin. Hurrengo asteetan argitaratuko da mobilizazioen ostean lortutako lan hitzarmena Arabako Aldizkari Ofizialean.

Ekainean Gasteizen egindako manifestazioa.
Ekainean Gasteizen egindako manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

CCOO, UGT eta LAB sindikatuek Arabako SEA patronalarekin irailean lorturiko Metalgintza arloko aurreakordioa atzo sinatu zuten ofizialki. ELAk ez zuen aurreakordioa babestu. Dokumentua Lan Ordezkaritzaren eskuetan dago, eta hurrengo asteetan argitaratuko da Metalgintzako Hitzarmena Arabako Aldizkari Ofizialean.

«Gogorarazi nahi dugu hitzarmenaren argitaratze momentuan dagoeneko sektorean ez dauden baina 2002an Arabako Metalgintzan lan egin duten langileei ere egokitu ahal zaiela bertan jasotakoa», adierazi zuen LABek ohar baten bidez.

«LABetik akordioan lortutakoa berresten dugu: sektorearen mobilizazioari esker lortu den akordio historikoa da. Orain, enpresaz enpresa lantzeko hautua egiten dugu, eta erronka horretan bidelagunak izateko gure prestutasun osoa eta zintzoa zabaltzen diogu sektoreari. Itxurakeria eta korporatibismoaren gainetik, zuekin gaude!», azpimarratu zuten.

Akordioak 20.445 eurotan ezarriko du sektoreko gutxieneko soldata, orain arte 17.480 eurokoa izan delarik. %2ko eguneraketa jasotzen du 2021eko abenduan 31ko datarekin 18.000 euroren azpitik zeuden soldatentzat; %6,5ekoa 2022ko urtarrilaren 1eko data daukaten soldatentzat; %3koa 2023koentzat; %2,5ekoa 2024koentzat eta %2koa 2025ekoentzat. Gainera, KPIren igoerak ehuneko ehunean bermatuko dituen klausula aplikatuko da.

SEA Arabako patronalak gogoratu zuenez, adosturiko soldata igoerek sinaturiko hitzarmenaren tauletan izango dute eragina. Ez zaie kopuru horren gainetik dauden soldatei aplikatuko, sektorean gehienak direnak. «Ziurgabetasun handiko aro ekonomikoa berme gehiagorekin gainditzeko» aukera ekarriko du hitzarmenak, SEAren arabera. Akordiotik kanpo gelditu den bakarra ELA izan dela gogoratu zuen, bide batez, patronalak.

CCOOrentzat, hitzarmen honi esker langileek «erosteko ahalmena bermaturik» izango dute. Akordio horretara heltzeko lau eguneko greba eta 2018tik hona izan dituzten bilera ugariak beharrezkoak izan direla gogoratu zuen sindikatu honek.