Iraitz MATEO
DONOSTIA

«Adostasunetarako ahalegina» eskatu du Ikastolen Elkarteak

«Adostasunak bilatzeko ahalegina» beharrezkotzat jo du Ikastolen Elkarteak, Hezkuntza sistema berri baterantz joateko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aitzinean irekitako «abagune historikoa» baliatu behar dela uste du.

Ikastolen Elkartea osatzen duten 113 ikastoletako ordezkarien agerraldia, atzo, Donostian.
Ikastolen Elkartea osatzen duten 113 ikastoletako ordezkarien agerraldia, atzo, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ikastolen Elkartean batzen diren 113 ikastoletako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Donostian; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatzen ari den Hezkuntza lege aurreproiektuaren eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan egindako hausnarketak plazaratzeko. «Abagune historikoa» dela azaldu eta aukera hau «arrakastarekin» gauzatzeko, eragileen arteko «adostasunak bilatzeko ahalegina» egin behar dela nabarmendu zuten. Bestalde, datozen eztabaidetarako ikastolen prestutasuna erakutsi zuten, «zintzoa eta leiala».

Ikastolen elkartearen ustez legeak «Euskal Herriko Hezkuntza Sistema eraldatzen lagundu» behar du, eta horretarako aukerei arreta jarri behar zaie: «Sinesten dugu Euskal Herriko hezkuntza eragileon gaitasunean eta konpromisoan, adostasunak bilatzeko ahalegina egin behar dugu denok». Tellituk aitortu zuen egungo lege proposamenarekin ezin direla Euskal Herriko errealitate eta esperientzia ezberdinak elkartu, ezta Euskal Herriko proiektu bakarra eraiki ere, baina «aukera baliatu» behar dela «etorkizunean gauza dadin».

Egungo markotik harago

Peio Jorajuria ikastolek ordezkariak salatu zuen Euskal Herriko hezkuntza sistema bi estatu eta hiru administrazio publiko desberdinek arautzen dutela, eta horrek zaildu egiten duela euskal lurralde osorako proiektuak bideratzea. Adierazi zuen orain arte instituzioek ez dutela «marko legal egokirik» eskaini, eta horri aurre eginez ikastolen proiektua euskal lurralde osorako proiektu bakarra izan dela. Etorkizunean ere Euskal Herriarekiko duten konpromisoari eutsi eta «beraien ezaugarriak» gizarte osoari eskaintzea dagokiela uste du ikastolen ordezkariak, euskara ardatz gisa hartzea, auzolana edota berrikuntza, adibidez.

Nekane Artola kideak azaldu zuen ikastolen sorreratik helburua hezkuntza sistema propioa izan dela, eta ezinbestekoa dela «publiko-pribatu dikotomia gainditzea», eta horrekin batera, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ardaztuko duen sistema arautu behar dela. Bestalde, euskal gizarteak parez pare pisuzko erronkak dituela aipatu zuen Artolak, eta «handira jokatzeko unea» dela euskararen arloan, kultur transmisioan eta segregazioari aurre egiteko neurrietan.

Eredu herritarraren alde egiten dutela azpimarratu zuen Artolak: «Eredu herritarra da guk nahi duguna, zerbitzu publikoa ardatz izango duena, baina herritarra, udalen parte hartze zuzenarekin. Eta komunitateak parte hartuko duen eredu baten alde egiten dugu».