Alaia SIERRA
GASTEIZ

Bi mila milioi euroko aurrezpena ekarriko lukeen tren soziala

Arabako, Nafarroako eta Burgosko Tren Publiko eta Sozial baten Aldeko Plataformek Abiadura Handiko Trenerako «benetako alternatiba soziala» eskaini dute, 2.000 milioi euroko aurrezpena ekarriko lukeen trenaren proiektu batekin.

Proiektuaren behin betiko txostena ezagutarazi zuten atzo Iruñean eta Gasteizen eginiko agerraldietan. Azken honetan Iñigo Leza eta Endika Ruiz de Loizaga Araba Tren Sozialaren Alde plataformako kideek eman zituzten xehetasunak. Urtebeteko lana izan dela zehaztu zuten, 16.000 euroko kostua izan duena. Gainera, Kimetz Munitxa, David Andres eta Ignacio Rubin Bide, ubide eta portuetako ingeniarien lana nabarmendu zuten.

Proposamen honen helburua «teknikoki bideragarria izango den benetako soluzio bat» ematea izan da.

Bidaien denborari dagokionez, Burgos eta Gasteiz arteko bidea 40 minututan egingo litzatekeela zehaztu zuten, eta, Arabako hiriburua eta Iruñea artekoa 38 minututan. Gobernu espainiarraren proposamenean bi ibilbideetarako ordu erdiko iraupena aurreikusten da.

Gainera, eskualdeko salgaiei eta biztanleei zerbitzua ematen dien gaur egungo zerbitzuen «etengabeko beherakada» saihesten duela esan zuten, korridorea «trenbide zabor» bat bilakatu ez dadin.

Lanak gelditu

Aukera hau aztertu ondoren, egiten ari diren tarteen lanak berehala gelditzea eta tarte berririk ez dadila lizitatu exijitu zuten plataformek.

Iñigo Lezak zehaztu zuen azterlana Gobernu espainiarrari helaraziko diotela, «kontuan izango» dutelakoan.