GARA
MOSKU

Errusiak eta Cubak «inperio yankia» etsai dutela dio Diaz Canelek

Miguel Diaz Canel presidente kubatarrak Errusiaren eta Kubaren aurkako zigorrak jatorri bera dutela gogorarazi eta bi herriek «etsai bera dutela, inperio yankia» esan zion Vladimir Putini, Moskun egindako bisitan. Halaber, Ukrainako gatazkan babesa berretsi zion.

Putin eta Diaz Canel, Castroren estatuaren aurrean.
Putin eta Diaz Canel, Castroren estatuaren aurrean. (S. GUNEYEV | AFP)

Miguel Diaz Canel Kubako presidenteak bere herriak eta Errusiak etsai bera dutela, inperio yankia, adierazi zion Vladimir Putin presidente errusiarrari Kremlinen atzo egindako bileran.

«Errusia eta Kuba zigorren mende daude (...), eta zigor horiek etsai berberean dute jatorria, inperio yankian, munduaren zati handi bat ere manipulatu duen inperioan», esan zuen Diaz Canelek.

Bi herrialdeen aurkako zigorrak «bidegabeak eta arbitrarioak» zirela salatu zuen Kubako presidenteak. Ukrainan egindako kanpaina militarrarengatik Mendebaldeak Moskuri ezarritako zigorrak Kubako Gobernuak beti gaitzetsi izan dituela berretsi zuen.

«Errusiak beti izan dezake Kubaren laguntza», gaineratu zuen Diaz Canelek, eta Putinen lidergoaren miresle agertu zen. «Errusiar Federazioak gatazka honen aurrean duen jarrera defendatzen jarraitzea da gure konpromisoa; izan ere, gure ustez, gatazka hori Estatu Batuetako gobernuak sortu du, eta bere jatorria, tamalez, manipulatu du nazioarteko iritzi publikoaren aurrean», esan zuen.

Horregatik, manipulazioak saihesteko, irailean Errusiak Ukrainako lau eskualde anexionatu zuenean emandako hitzaldia zabaltzeko deia egin zuen, «oso ondo egituratutako pentsamendua» zela nabarmenduz.

«Aspaldi ohartarazi zenion munduari onartezina zela NATOk Errusiako mugetan aurrera egitea. Estatu Batuek egoera hori manipulatu zuten, eta saiatu zen gerran arazoen konpontzaile nagusi gisa agertzeko aukera aurkitzen, kanpoko gerretan beti egiten duen bezala (...)», gaitzetsi zuen.

Bere aldetik, Putinek gogorarazi zuen Mosku beti egon dela Kuba blokeatzearen aurka, eta bere gobernua babestu duela nazioarteko egoera guztietan. «Fidel Castro burkideak sustatutako adiskidetasun tradizionalaren emaitza da hau guztia».

Putinek Fidel Castroren estatua bat inauguratu zuen Moskun, eta 2000 eta 2014 urteen artean Kubako buruzagi iraultzailearekin izandako bilerak gogoratu zituen: «Garai oso baten sinboloa da, askapen nazionaleko mugimenduaren, sistema kolonialaren amaieraren eta Latinoamerikan eta Afrikan estatu independente eta subiranoen sorreraren garaia».