Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Toure San Frantzisko auzora itzuli da Arretxeren «Lyrica garaian»

«Lyrica garaia» idatzi du Jon Arretxek, Toure detektibea protagonista duen azken liburua, bederatzigarrena. Bilboko San Frantzisko auzora itzuli da ale honetan, aldaketa ugari bizi izan dituen auzora. Izenburuak ez dauka zerikusirik lirikarekin; lyrica droga berriaz ari da.

Jon Arretxe liburu berriarekin, atzo Donostiako taberna batean.
Jon Arretxe liburu berriarekin, atzo Donostiako taberna batean. (Jon URBE | FOKU)

Toure detektibearen saileko bederatzigarren alearekin dator Jon Arretxe eta Bilboko San Frantzisko auzora itzuli da lan honetan, dena abiatu zen tokira. “Lyrica garaia” (Erein) da liburu berriaren izenburua, baina ez dauka musikarekin edo poesiarekin inolako loturarik. Lyrica-z ari baita eta ez lirikaz. Azkenaldian hedatu den droga mota berria da lyrica. «Hitz joko bat egin nahi izan dut», azaldu zuen Arretxek atzo Donostian egin zuten aurkezpenean.

Saileko lehenengo aleek San Frantzisko zuten kokalekua. Bederatzigarrenak ere bai. Batetik bestera bilakaera izan dute bai Toure protagonistak bai San Frantzisko eszenatokiak. Ezaguna izango du lekua, baina nabarituko du giroa aldatu dela, desberdintasunak ikusiko dira. Kamera gehiago, polizia gehiago, adibidez.

Auzoaren gentrifikazioa eta hiriaren aldaketa dira, beraz, liburuaren osagaietako bat. Bilboko erdigunean milaka lagun miserian bizi dira. Eta hori ez da polita turistentzat antolatutako hiri batean. Ez dituzte hor nahi eta ziurrenik beste leku batera eramango dituzte, baina miserian dauden milaka lagun horiek ez dira desagertuko. «Beste leku batera joango dira eta hor egongo da lyrica», esan zuen Arretxek.

Prostituzio lege berriaren iragarpena ere San Frantzisko auzoan izan den beste aldaketetako bat da. Prostitutak beti agertzen dira Arretxeren liburuetan, baina orain hobeto dokumentatzeko aukera izan duela onartu du. Askabide elkarteak gauez prostitutak laguntzeko egiten dituen paseotan izan da Arretxe eta dagoen kezka gertutik ezagutu du. Kale gorrian geldituko diren beldur dira. Horietako asko paperik ez daukaten etorkinak dira. Prostitutarik gabe, bortxaketak ugarituko diren ustea barneratuta dute.

Umorea

Umorea da Arretxeren liburuen beste osagaietako bat. «Gai gordinak dira, eta hori orekatu behar da», azaldu zuen. Milaka lagun daude Bilbon miseria gorrian, baina ez dabiltza negarrez kalean. Afrikarren baikortasun eta positibotasuna nabarmendu du, horien eguneroko bizitza eta izan duten iragana izugarri latzak izan arren.

Liburuan agertzen diren pertsonaia gehienak benetakoak dira, San Frantziskon bizi diren pertsonak oinarri dituztenak. 76 urte bete dituen prostituta eta hamar urterekin ama izan zena. Euskal Herriko hiri nagusiaren bihotzean bizi diren miseriak.