EDITORIALA

Demokrazia gauzatzeko prest daude Eskozian

Britainia Handiko Auzitegi Gorenak ebatzi du Eskoziako Parlamentuak ez duela eskubiderik independentziari buruzko kontsulta-erreferendum bati buruzko arauak egiteko. Ebazpen horrekin, Auzitegi Gorenak Gobernu britainiarraren jarrera babestu du, erreferenduma antolatzea eskumen erreserbatua dela uste baitu. Hala, Londresko Gobernuak, 2014an egin zuen bezala, beste kontsulta bat egitea adosteari uko egin izanak oraingoz itxi egin dio Eskoziari independentziaranzko bidea.

Teorian, Auzitegi Gorenak dagoeneko onartuta dauden lege-proiektuei buruzko irizpena baino ezin du eman, baina kasu honetan gaia aztertzea erabaki zuen, «interes publikoa» zuelako, eta, horrela, bete-betean sartu zen eremu politikoan. Eskoziako Gobernuak bere eskaera arrazoitzeko argudio gisa erabili zuen erreferendumaren emaitzak berak ez lukeela Eskozia batasunetik ateratzea ekarriko, ondorengo negoziazioak baizik. Auzitegiak, ordea, atzera bota du argudioa, legez egindako kontsulta batek ondorio politiko garrantzitsuak izango lituzkeela esanez. Horrela, auzitegiak alderdi politikoei erreparatzen die berriro, bere irizpena sostengatzeko. Hau da, onartzen du balizko erreferendum batek ez lukeela lege-ondoriorik izango, baina bai ondorio politikoak, eta azken horietan oinarritzen da erreferenduma ez baimentzeko. Auzitegia ez da ohartu erreferenduma ez egiteak ere ondorio politikoak dituela demokraziarentzat, edukiz hustu egiten baita. Bere ebazpenarekin, Auzitegi Gorenak dio gauzen ordena aldatzen ez duena bakarrik bozka daitekeela. Horrela, statu quoa aldatzea planteatzen duen edozein bide demokratiko ixten du. Europako demokraziaren izaera formal hutsa azpimarratzen du auzitegiak epai horrekin, eta, era berean, sakoneko galderak uzten ditu airean.

Oztopoak oztopo, Nicola Sturgeon lehen ministro eskoziarrak adierazi zuen ez diola demokraziari uko egingo eta beste bide demokratiko, legal eta konstituzional bat aurkituko dutela, eskoziar herriak bere borondatea adieraz dezan. Traba eta eragozpenen gainetik, independentismoak demokraziaren mugak zabaltzeko konpromisoari eusten dio.