GARA

EuskaraRi OMENALDIA EGIN nahi dion ogia

Artepanek «Euskaraldi ogia» aurkeztu du, euskararen omenez eta gure hizkuntzaren defentsan ia 40 urteko ibilbideari segida emanez. Ogia egiteko Trebiñu sagardotegiko sagarren zukua erabili dute.

Trebiñu sagardotegiko sagarren zukuarekin egin dute ogia.
Trebiñu sagardotegiko sagarren zukuarekin egin dute ogia. (GARA | A)

«Ahobizi» edo «belarriprest» rolean buru-belarri gabiltzala, Artepanek “Euskaraldi ogia” aurkeztu du, gure hizkuntzari eskainitako omenaldi gisa. Txema Pascual okinak azaldu duenez, erabili ohi duten Azkoiengo oreari, Askartzan dagoen Trebiñu sagardotegiko sagarren zukua gehituz egindako ogia da. Zukuaren fruktosak kolore iluna eta zapore gozoagoa ematen ei dio eta, ogi honekin, euskararen balioa nabarmentzeaz gain, «gure inguruneari eta gure altxor gastronomikoei» gorazarre egin nahi die arabar okintza-etxe ezagunak. Izan ere, «euskararen defentsa etxeko ezaugarrietako bat da» berrogei urte betetzear den Artepanentzat, eta, azpimarratzen duenez, euskararen erabilera erabat «normalizatua» dauka bere saltokietan zein lantaldeetan. Hizkuntza sustatzeko ekimenetan ere parte hartzen du, eta horren adibide da euskarazko liburuak trukatzeko eremua zabaldu izana Salburua auzoko lokalean. On egin, beraz.