Andoni TOLOSA
Musikaria

Gotzon

Badira etxean bezala sentiarazten zaituzten jokalekuak; oholtzak, aretoak, tabernak, elkarte autogestionatuak... Eta ez da kontu arkitektoniko bat, ez du zerikusirik teknologiarekin edo sosarekin, ez duzu zure burua etxeko ikusten, ustez, A serieko artista bati dagokion tratua ematen dizutelako; alfonbra gorri psikologiko hori. Ez, etxean bezala sentitzen zara, sutondoan eser zaitezkeelako, apal edo ozen hitz egin, edo isilik egon. Lasaitu, urduritu, zure burua agerian utzi, inork kargu hartuko dizun beldurrik gabe. Hanka sartu, eta konpontzen saiatu, eta laguntza jaso, batzuetan, eskatu gabe ere. Horregatik sentitzen zara etxean. Eta hori ez litzateke posible izango Gotzon bat ez balego.

Zeren eta Gotzon ez balego, zeinek irekiko liguke etxeko atea, zeinek goxatuko luke espazioa, zeinek laburtuko liguke denbora (edo luzatu berandu bagabiltza), zeinek besarkatuko gintuzke, sarreran eta... irteeran. Zein arduratuko litzateke espazioa, astia eta gogoa gozagarriak gertatzeko. Zeinek edukiko luke nahikoa pazientzia, nahikoa eskarmentu gu bezalako “bisitak” ahalik eta bertakoen sentiarazteko. Besterik gabe, gutaz gogoratzeko. Entzule eta gure artean hain modu eraginkorrean, bitartekari lan, askotan ilun eta esker txarrekoa, aritzeko. Horregatik etxean bezala gaudela esaten dugunean, Gotzonekin bezala gaudela esan nahi dugu. Eta pozik itzuliko gara bere altzora, dagoen lekuan dagoela, aski du txistu egitearekin.