GARA
DONOSTIA

Munduan eraildako emakumeen erdiak etxean hiltzen dituzte

Iaz munduan eraildako emakumeen erdiak baino gehiago (%56) bikotekideek edo beste senide batzuek hil zituzten, NBE Emakumeak erakundeak aditzera eman duenez. Datu horien arabera, indarkeria matxistaren arazoa ez da ia hobetu azken hamarkadan.

Indarkeri matxistaren biktima bat.
Indarkeri matxistaren biktima bat. (Thibaud MORITZ | AFP)

NBE Emakumeak erakundearen datuen arabera, batez beste orduro bost emakume edo neska baino gehiago hil zituen munduan bere inguruko kideren batek 2021ean, baina Nazio Batuen agentziak ohartarazi du zifra are handiagoa izan daitekeela, kasu askotan ez baitago xehetasunik heriotzen inguruabarrei buruz.

«Gizarte osoan adostutako ekintza bat behar dugu, emakumeek eta neskatoek etxean, kaleetan eta leku guztietan seguru sentitzeko eta egoteko duten eskubidea egia bihur dadin», adierazi zuen Sima Bahous NBE Emakumeak erakundeko zuzendari exekutiboak. Nahiz eta gizonak eta haurrak munduko homizidio gehienen biktimak izan (%81), etxeko eremuko indarkeriak neurriz kanpo eragiten die emakumeei; izan ere, emakumeenak dira hilketa guztien erdia baino gehiago.

Gizonen kasuan, berriz, hilketen %11 bakarrik gertatzen da etxeko eremuan.

Txostenak erakusten du indarkeria matxistaren aurkako borroka geldituta dagoela maila globalean.

Izan ere, hilketen zifrak duela hamarkada batekoen antzekoak dira. Europan 2010etik 2021era bitartean batez beste %19 murriztu ziren etxeko hilketak; AEBetan, berriz, %6ko batez besteko igoera izan zen. Batik bat AEBetan ugaritu dira erailketak.

Etxeko indarkeriak gora egin zuen pandemian

NBE Emakumeak erakundearen txostenaren datuek erakusten dute etxeko indarkeriak gorakada handia izan zuela 2020an, pandemiari aurre egiteko herrialde askok konfinamenduak ezarri zituztenean.

Kasu deigarriena AEBetako da, urte horretan feminizidioak %9 gehitu baitziren, ezohiko proportzioan. Bitartean, Europa mendebaldean eta hegoaldean ere hazi egin ziren, baina portzentaje horrek ez ditu gainditzen urtetik urtera aurrez ikusitako beste aldaketa batzuk.

Europan eta AEBetan bildutako datuen arabera, 2020an biktimaren bikotekidea ez ziren senitartekoen eraso kopuru handiago baten ondorioa izan zen etxeko hilketen gorakada. GARA