Xole ARAMENDI
DONOSTIA

«Zero grabitatea», Chillidaren bidea markatu zuen obsesioaren lekukoa

Bizitza osoa eman zuen borrokan, grabitateari nola aurre egin asmatu nahian, bere artelanak arintasun sentsazioa eman zezaten. Bide zailena hartu zuen horretarako, material arinak aukeratu ordez hormigoia eta burdina bezalako lehengaiak erabili baitzituen. Gaia inoiz landu gabea zuen museoak. «Grabitatearen fenomenoa aztertzerakoan, garbi ikusi dugu ia bere lan guztietan presente dagoela», esan zuen Estela Solanok.

Denera 30 lan jarri dira ikusgai, gaurtik aurrera, museoko bosgarren aretoan.
Denera 30 lan jarri dira ikusgai, gaurtik aurrera, museoko bosgarren aretoan. (Jon URBE | FOKU)

«Funtsean, ni Newtonen aurka nago. Ni eta nire eskulturak». Horrelaxe laburbildu zuen bere borroka Eduado Chillidak. Esaldiak ongietorria egiten dio bisitariari erakusketaren sarreran. 30 lan ikus daitezke.

«Grabitatearen aurkako borroka 1950eko hamarkadaren amaieran sumatzen hasi zen, eskulturak sabaitik zintzilikatzen hasi zenean, baita ‘Amets-ingudeak’ seriean eta 1960ko hamarkadaren bukaerako ‘Haizearen orrazia’ serieko eskulturetan ere. Azken honen goialdea haizeari adartutako egitura da», zehaztu zuen atzo museoko bildumen arduradun Estela Solanok.

«Zientziarekiko eta filosofiarekiko interes bizia zuen, eta hauen gaineko idatzi ugari irakurtzen zituen», gogoratu zuen bere aldetik Mireia Massagé museoko zuzendariak.

1972. urtea mugarria da grabitatearen -Newton deitzen zion eskulturgileak- kontrako borrokan, urte hartan jarri baitzuen “Topaketa-Lekua III” lana Madrilgo La Castellanoko Aire Zabaleko Eskultura Museoan. Airean zintzilik dago 6.3 tonako pisua duen obratzarra.

«Ordura arte ikertzen ari zen eta saiakera ugari eginda zeuzkan, baina une hartan izan zuen gauzak nola egin behar zituen kontzientzia. Grabitatea bere sorkuntzaren abiapuntua bilakatu zen modu honetan», adierazi zuen Solanok. Artearen historian planteamendu berritzailea izan zen, bere esanetan. Eskultura publiko handi eta pisutsuak dira artistaren obsesioaren lekukoak. Lurretik distantzia gutxira jartzen zituen obrakk, lebitazio sentsazioa areagotze aldera.

Haietako hiru ditu ardatz erakusketak, eskala txikian eginak. Madrilgo aipatu obra da Chillida Lekuko erakusketari hasiera ematen diona. Harekin batera “Calderren omenezko estudioa” eta “Uraren laudorioa estudioa II” dira erakusketaren ardatzak.

“Grabitazioak” serieko hainbat lan ere ikus daitezke. 1985etik aurrera egindakoak dira, eta beste borroka baten adierazle. «Aitari ez zitzaion batere gustatzen kola erabiltzea eta ‘Pili, lortu dut kolarik gabeko collagea egitea!’ esanez iritsi zen bazkaltzera egun batean», kontatu zion irribarretsu Luis Chillida semeak GARAri aurkezpenaren osteko bisialdian.

Bizitza osoan marraztu zuen artista donostiarrak. «Arkatzez eta tintaz egiten zituen, eta guraizeak ere marrazteko beste tresna bat ziren berarentzat», nabarmendu du. Geruza bat bestearen gainean ipiniz lortzen zuen paper gainean erliebea ematea. «Borrokalari bat» bezala gogoratzen du aita. «Proiektu bakoitzean materiala eta teknika aukeratzea ez zen erraza. Ezezagunak zitzaizkion materialekin lan egin nahi izaten zuen, horrek ikerketara bideratzen baitzuen. Publikoak bere lana ikustean, zerbait gertatzen ari zen sentsazioa izan zezan bilatzen zuen», esan zuen.

«Zientziak dena behera datorrela dio, eta berak sinesten zuen bazegoela beste zerbait -mistika- gorantz bultzatzen zuena», gaineratu zuen. Lokarri batekin mutur batetik josten zituen eta espazioan grabitatzen bezala geratzen ziren.

«Grabitateak kezkatzen nau, eta hori dela eta kezkatzen naiz materiarekin. Ez naiz materiarekin kezkatzen burdina, hormigoia edo harria gustukoak ditudalako, ez. Kontua da obra guztiek zerbaitetan haragituta egon behar dutela, ez baitira ezer bestela, eta indar horren mende -alegia, grabitatearen mende- hein handiagoan edo txikiagoan egotea dakar horrek berarekin. Gero eta serioago hartzen dut alderdi hori», idatzi zuen Chillidak ‘Escritos’-en (La Fábrica, 2005).

Estela Solanok eta Luis Chillidak bete dituzte komisariotza lanak. «Museoan modu iraunkorrean ikusgai dauden beste lanak ulertzeko bide ematen du erakusketa honek», azpimarratu zuten.

2023ko maiatzaren 1era arte zabalik egongo da erakusketa. Honen karietara, Eduardo Chillidaren lana eta fisika lotzeko bilduma argitara eman du museoak. Ikusgai jarri diren obren zerrendaz gainera, Barry Barish Fisikako Nobel Sariaren testua ere irakur daiteke.