GARA
USURBIL

Usurbilgo Joxe Martin Sagardia plazari izena aldatzeko eskatu dute

Udaletxe aurreko plazaren izenak eta plakak Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko Legea urratzen duela argudiatuta, Gobernu espainolak hilabeteko epea eman dio Usurbilgo Udalari eskaera betetzeko.

Usurbileko udaletxea, plaza aurrean duela.
Usurbileko udaletxea, plaza aurrean duela. (USURBILGO UDALA | USURBILGO UDALA)

Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak eskaera egin zion atzo Usurbilgo Udalari Joxe Martin Sagardia plazari izena alda diezaion eta haren omenezko plaka ken dezan. Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko 29/2011 Legea urratzen duela argudiatuta, eskaera betetzeko hilabeteko epea eman dio udalari.

Udalak, bere aldetik, gai horretan adituak diren abokatuak kontratatu ditu, eta azterketa juridiko bat egiten ari da, 40 urte daramatzan izendapen horren defentsa egiteko, argitu zutenaren arabera.

1982an erabaki zuen udalbatzak udaletxe aurreko plazari Joxe Martin Sagardia izena ematea. Usurbilgo Herri Lan (UHL) alderdiak proposatu zuen Sagardiaren hilketaren bigarren urteurrenean, udaletxeko plazari, ordura arte Tiloen Plaza zenari, izena aldatzea. Batallon Vasco Españolek hil zuen Sagardia usurbildarra, Biarritzen errefuxiatuta zegoela, auto azpian lehergailua jarrita.

Ohar batean azaldu zutenez, bere garaian aurkeztutako proposamenean, batetik, UHL-k Gobernu frantsesari aurpegiratzen zion hilketaren aurrean «pasibo» agertzea eta Euskal Herriaren aurkako estatu-jazarpena babestea. Bestetik, plazari izena aldatu eta plaka jartzeko eskaera egin zuen. Mozioa puntuz puntu bozkatu zuten, eta izen aldaketaren puntuari dagokionez bost zinegotzik alde bozkatu zuten, hiruk kontra eta batek abstentziora jo zuen.

Usurbilgo Udalak Espainiako ordezkariak egindako eskaera salatu du: «Bizikidetzaren aurkako neurria da, estatu indarkeria ezabatzeko nahia ezkutatzen duena. Euskal Herrian, tamalez, indarkeria asko egon dira, eta guztiek eragindako biktimak aitortu behar dira».

Nabarmendu zutenez, Sagardia biktima gisa aitortu zuen Gogora Institutuak eta “Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri: Usurbil” lanean jaso zuen. Bizikidetzaren aurkako eskaera bat izateaz gain, herritarren gehiengoaren borondatearen eta udalen autonomiaren aurkako neurria da, udal gobernuaren ustez.