Balizko Hezkuntza Legearen aurkako lehen greba eguna burutu dute EAEn
EAEko Hezkuntza Lege berriren zirriborroaren aurka ELA, LAB eta Steilas sindikatuek hezkuntza publikoan deitutako lehenengo greba eguna burutu zuten atzo, eta bi aste barru izango da bigarrena. %60ko greba jarraipena zenbatu zuten, eta aldarrikapenak berretsi zituzten:
sare publiko «bakar, euskaldun eta propiorako» bidea egin beharko lukeen legea.

Lakuako Gobernuak Hezkuntza Lege berri baterako aurkeztutako zirriborroaren aurkako lehenengo greba eguna egin zen atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta. Zenbait kezka adierazi nahi izan zuten, zirriborroa ikusirik; besteak beste, sistema duala (publiko-pribatua) «betikotzen» duela eta langileen iritzia ez dela kontuan hartzen ari. Irakasleez gainera, Haurreskolak Partzuergoko langileak, eskoletako hezitzaileak eta Hezkuntza Saileko sukaldariak eta garbitzaileak batu ziren grebara.
11.30ean manifestazio nagusia izan da Bilbon. ‘Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez. Legea langileokin eraiki’ lemapean, milaka langileren aldarrikapenak egin zituzten kaleetan. Sare publiko «bakar, euskaldun eta propiorako» bidea egin beharko lukeen legea eskatu zuten, «aukera berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua» bermatzeko.
Manifestazioa abiatu aurrez, Lakuako gobernuak Bilbon duen egoitza nagusiaren aurrean agerraldia egin zuten ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako hezkuntza arduradunek (Miren Zubizarreta, Irati Tobar eta Nagore Iturrioz, hurrenez hurren). Grebaren jarraipena %60koa izan zela ziurtatu zuten, eta aldarrikapenak zerrendatu zituzten: publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea; segregazioari aurre egitea eta gizarte kohesioa bermatzea; publifikazio marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea; hezkuntzaren Lege propioa; inbertsio eta baliabide nahikoa izatea; euskara erdigunean jartzea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak…
Lan baldintza duinak
Hezkuntza sistema osatzen duten langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea aldarrikatu zuten ELAk, LABek eta Steilasek. Besteak beste, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatzeko eta %8tik gorako behin-behinekotasuna errepikatzea ekiditeko neurriak eskatu zituzten.
Hori lortzeko, Hezkuntza Lege parte-hartzailea eskatu dute, «langileak aintzat hartuko dituena eta merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo dena».
Gainera, hezkuntzan inbertsioa handitzea legez egin behar dela azpimarratu zuten ELAk, LABek eta Steilasek, BPGren %6ra iristea helburu izanik datozen 3 urteetan, eta legean jasoz Europako batez bestekoaren parera iristea.
Sindikatuek Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren «norabide eza» salatu dute: «Hasieratik esan genuen lege proposamenak egungo sistema betikotzen zuela. Ez dago sare banaketa gainditzeko neurririk, murgiltze ereduaren alde, curriculumaz edo lan baldintzak bermatzeko».
«Aurreproiektuak ez du jasotzen zer norabide eman nahi zaion Hezkuntzari, ez du egungo sare banaketa gainditzeko urratsik zehazten, murgiltze eredua alboratzen du, lan baldintzak aipatu ere ez ditu egiten, eta euskal curriculuma eta Euskal Herria erreferentzia izateko pausorik ez du zehazten», adierazi zuen Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunak.
Goizeko manifestazio nagusiaz gain, arratsaldeko 18.00etan mobilizazioak izan ziren Bilbon, Donostian (Alderdi Ederretik abiatuta) eta Gasteizen (Legebiltzarretik).
«Sindikatuokin adostu gabeko legea»
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak «prebentibotzat» jo du protesta hau, argudiaturik oraindik ere alegazio prozesua irekita dagoela eta lege egitasmoa horren ondoren onartuko dela. Gaur egindako lehen balorazioan, «euskal hezkuntzarentzat egun tristea dela» aipatu du.
Gainera, Hezkuntza Sailak %38ra jaitsi zuen grebaren parte hartzea (9.260 irakasle hain zuzen ere).
Horren aurrean, sindikatuek salatu dute ez dagoela inolako parte hartze eta elkarrizketa ofizialik: «Hezkuntza Hitzarmenean babesturik, langileen lan baldintzetan eta lanpostuetan eragina izan dezaketen erabakiak hartzen ari da Hezkuntza Saila, sindikatuokin adostu eta negoziatu gabe. Horregatik jo behar izan dute langileek grebetara».
Martxoan Gasteizeko Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk, PSEk eta EP-IUk sinatu zuen hezkuntza akordioaren ondorioa da balizko lege berria, baina zirriborroa akordio haren edukietara egokitzen den edo ez den ezbaian dago.
EH Bilduk eta LABek agerraldi bateratua egin zuten asteartean, irizpide komun batzuk aditzera emateko. Ezkerreko subiranistek ziurtatu zuten haien esku dagoen guztia egingo dutela, aukera honek euskal hezkuntza sistemaren eraldaketa ekar dezan.
«Gure ustez, orube berri bat jarri behar da, hezkuntza tradizio ezberdinen, bai ikastolen eta bai eskola publikoaren onena jasoz. Konfluentzia da bidea, sare publiko, bakar, burujabe eta deszentralizatuan antolatuko den hezkuntza sistema propioa eraikitzen hastea», adierazi zuten.
Mobilizazio gehiago
Lehen greba egun honen ondoren, ELAk, LABek eta Steilasek bigarren lanuztera deitu dute, abenduaren 14an. Gasteizen egingo dute manifestazio nagusia, 10.30ean, eta arratsaldeko 18.00etan EAEko hiriburu guztietan.
Lege honen aurkako mobilizazioa egin zuen ere Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Bilbon duela hilabete, milaka lagun bilduta.
Hezkuntza Legearen behin betiko proiektuak haien aldarrikapenak jasotzen ez baditu, mobilizazioekin segituko dutela berretsi dute sindikatuek. Bide horretan, ez dute baztertzen beste greba egun batzuetara deitzea.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
