Maite UBIRIA BEAUMONT

ikasgelak bero, baita bihotzak ere

Arrasateko ikastolak bultzaturiko diru-bilketak ahalbidetzen du gaurdanik Hiriburuko ikastolan berriz ere berogailua piztea.

Elkartasun egitasmoari esker Ametzak baliabideak lortu ditu neguko hotzari aurre egiteko.
Elkartasun egitasmoari esker Ametzak baliabideak lortu ditu neguko hotzari aurre egiteko. (Garbiñe ERASO)

Azaroaren 21ean berokuntza sistema itzali behar izan zuen Ametza ikastolak. Gasaren faktura zortzi aldiz biderkatu zitzaionez, Hiriburuko ikastetxeak ezin zion gehiago energiaren kostuari aurre egin. Geroztik ikastolako 99 haurrak «trikota lodi eta batzuetan palto eta bonetekin» joan dira ikasgeletara. Urrutira joan gabe, herenegun 13 graduko tenperatura zegoelarik, zinez baldintza zailetan eman zituzten kurtsoak. «Ama ikastolako haur anitz eritu dira», azaldu zuten ikastolako ordezkariek gurasoekin eginiko ezohiko biltzar nagusian. Hala, Ametza ikastolak bere arazoaren berri eman eta Hiriburutik 124 kilometrora elkartasun argia piztu zen. Zehazki, Arrasateko Arizmendi ikastolak zenbait ekimen antolatu zituen Lapurdiko ikastolaren alde. Gaztaina erre eta elkartasun hostoak saldu zituzten Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Bestalde, «Gazteluondoko 4. mailako Jare C., Nahia, Garazi, Izar, eta Jare I. eta Mhairik beraiek egindako azoka batean bildutako dirua Ametza ikastolarako eskaini zuten». Ikasgelak soilik ez, Ametza ikastolako komunitatearen bihotzak ere berotu dituzte, denera 5.500 euro biltzea lortu duten ekimenekin.