GARA
IRUN

Santano eta Rousset, muga berrirekitzeko auzolanean jarduteko prest

Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak bilera egin zuten herenegun. Eskualdeko presidentea atzo Oñatin egin zen Pirinioetako Lan Elkartearen 40. Osoko Kontseilura joatekoa zen eta testuinguru horretan antolatu zen bilkura. Irungo Udalak emandako informazioaren arabera, Santanok eta Roussetek mugaren gaurkotasunarekin zerikusia zuten gaiak aztertu zituzten.

Hala, alkate irundarrak eskualdeko agintariari nabarmendu zion «denok batera arraun egin behar» dutela 2021eko urtarrilaz geroztik frantziar agintariek itxitako Etorbidearen zubia berriro ireki ahal izateko, eta esan zion Oinezkoentzako zubiaren itxita mantentzeak eragozpenak sortzen dituela «Bidasoaren bi aldeetako herritarren arteko mugaz gaindiko ohiko bizikidetzan». Akitania Berriko presidentea bat etorri zen Irungo alkatearekin muga-pasabideetan zirkulazioa bermatu beharra dagoela.

Pirinioetako Elkarte

Roussetek Santanori aurreratu zionez, Pirinioetako Lan Elkarteko Kontseiluan mugaren egoera aztertzea aurreikusita zegoen. Era berean, jakinarazi zion joan den urrian, Akitania Berria-Nafarroa-EAE euroeskualdeko presidente gisa, gutun bat bidali ziola Elisabeth Borne lehen ministro frantsesari, pertsonen zirkulazio-askatasuna europar integrazioaren oinarrizko printzipioetako bat dela oroitarazteko. Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidearen zubia soilik ez, beste hiru pasabidek ere itxita jarraitzen dute Euskal Herrian.