Maite UBIRIA
BAIONA

Hezkuntza Ministerioak azterketen aferari ez erantzutea «ulertezina» da, EEPren ustez

Iragan irailaren 14an euskal delegazioak Hezkuntza Ministerioan eginiko bileran «aldarte hobea» sumatu zuen arren, geroztik brebeta eta baxo azterketak euskaraz egin ahal izateko egin zuten eskaerak ez du inolako erantzunik jaso. Euskararen Erakunde Publikoak, agiri baten bidez, egoera hori ez duela ulertzen adierazi du.

«Azterketak euskaraz» dinamikaren protesta bat, apirilean, Baionako Hezkuntza Orientazio Zentroan.
«Azterketak euskaraz» dinamikaren protesta bat, apirilean, Baionako Hezkuntza Orientazio Zentroan. (B.E)

Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Antton Kurutxarrik, egitura horren lehen lehendakariorde Maider Behotegi departamendu kontseilariak eta EEPko bigarren lehendakariorde eta Akitania Berria eskualdeko lehendakariaren ordezkari Frederique Espagnac senatariak agiria plazaratu zuten atzo, Hezkuntza Ministerio frantsesak azterketen aferari buruz deus ez esatea ez dutela ulertzen adierazteko.

Joan den irailaren 14an Kurutxarri buru zuen euskal hautetsien delegazioak hitzordua hartu zuen Parisen Hezkuntza ministro berri Pap Ndiayeren laguntzaileekin. Bileraren ostean aski baikor mintzatu zen EEPko burua, bilkuran konpromiso zehatzak lortu ez bazituzten ere «aldarte aldaketa» sumatu zuelako.

«Zentzuzko denbora tarte batean» ministroak erabakia iragarriko zuela hitzeman zuten bilera horretan Hezkuntza Ministerioko ordezkariek. Alta, kasik hiru hilabete iragan dira geroztik eta ez da inolako erantzunik heldu. Areago, EEPko arduradunek eta euskal hautetsiek berek denbora honetan egin dituzten hainbat desmartxak ere isiltasun harresi horrekin topo egin dute.

Hori dela-eta, atzo plazaraturiko agirian Euskararen Erakunde Publikoa ordezkatzen duten hiru kolektibitateen partaide diren EEPko lehendakariak eta bi lehendakariordeek «ulermen eza» adierazi zuten «gertaerak hartzen ari diren norabidearen gainean».

Jasotzailerik gabeko mezuak.

Izan ere, brebeta diplomari buruz mintzatzeko Parisen antolaturiko bilera horretan euskal delegatuek eman zituzten azalpenak «argi eta interesgarritzat» jo zituzten arren, geroztik Hezkuntza Ministerioak ez du ezer egin, «nahiz eta urriaren 19an berriz idatzi eta azaroaren 10ean telefono bidez mezu bat igorri Bisagni-Faure Bordeleko Akademiako errektore andereari», idatzian ziotenez.

Baxoari dagokionez, irailaren 14ko bileran ez zen denborarik izan dosierra sakonki aipatzeko. Alta, bilera berri batean gaia aztertzeko ados agertu ziren bi aldeak. Afera horretan ere aitzinamendurik ez dela izan jakinarazi zuten atzo EEPko ordezkariek.

«Gaurdaino ez zaigu heldu data berri baten proposamenik, nahiz eta eskaera hori berriz egin urriaren 19ko idazkiaren bidez», baieztatu zuten. Hala, egutegia aurrera doa eta gero eta denbora gutxiago dago 2023ko azterketen auziari irtenbidea emateko. Hain zuzen, heldu den astean eginen dute Seaskako ikasleek espezialitateen «baxo xuria». Bernat Etxepare lizeoko ikasleek datorren urte hasieran eginen dituzten azterketak zein hizkuntzatan idatzi beharko dituzten jakin gabe helduko diote azterketa prestatzeko balio duen «baxo xuriari».

Brissonen galdera.

Bestalde, EEPko ordezkariek larritzat jo zuten Max Brissonek Senatuan azterketei buruz galdetu zuenean jaso zuen erantzuna. Joan den azaroaren 8an senatari biarriztarrak zuzenean aipatu zion Hezkuntza ministroari gaia eta erantzuna ematean Pap Ndiayek ez zuen deus erran baxo azterketari buruz. Aldiz, 2018an EEPk gai horiek landu zituen Michel Blanquer Hezkuntza ministro ohiarekin.

Haren ondorengoa, ordea, brebetaz baizik ez zen mintzatu Brissoni emandako erantzunean. Edonola ere, ministroak ez zuen azalpen argigarririk eman egutegiari buruz. Jakin behar da, ordea, irakasleek brebeta zein baxo azterketak prestatzeari ekin diotela, auziaren gainean ezjakintasun handia izan arren.

Horren harira, Parisen zein Bordelen «konkrezio falta dagoenez» ezinezkoa dela «konkretuki lan egitea» aitortu zuten EEPko ordezkariek. «Gaur egun Hezkuntza Nazionala falta da», adierazi zuten oharraren sinatzaileek, egoera horretan «ulertezintasuna dela nagusi» gaineratuz.

Hezkuntza Ministerioan bilera izan zenetik justu bi hilabete bete zirenean, iragan azaroaren 14an, Seaskak mobilizazioa egin zuen Bordelen, Akademia Errektoretzaren eta Giza Eskubideen plazaren artean. «Giza eskubideak diren hizkuntza eskubideak errespetatu arte mobilizatzen jarraituko dugu», ohartarazi zuen protestan Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak.

Hezkuntza Errektoretzari eta Parisko Gobernuari galdera pausatu zien: «Zer demokrazia da hau gure ikasleei beren hizkuntzan mintzatzea eta idaztea galarazten diena?».