Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Ni ez naiz hemengoa

Eta zu nongoa zara?» itaundu dio klase ertaineko gizon zuriak bere seme-alabak zaintzera etorri den belodun emakumeari. «Bada, hemengoa!», erantzun dio hark, galderaz harriturik. Lotsatu antzean konturatu da gizona galdera ez dela zuzena izan: zergatik pentsatu du kanpoan jaioa izan behar zela, ezinbestean, emakume musulmana? Serie bateko eszena da hori, baina gutako edozeini gerta dakioke antzeko bat. Izan ere, aspaldi irakurri nuen joera dugula migratzaileen ondorengoak -eskolako umeak, esate baterako- migratzailetzat jotzeko… sine die. Eta kontua da magrebtar itxura duen nerabe bat eta Bilboko beste bat -agian, aitona-amonak Extremaduratik etorriak dituena- egoera bertsuan egon daitezkeela euskarari begira, adibidez; hots, euskaldun osoak ez izatea. Ez bata, ez bestea. Eta magrebtarra «bertako» sentitu daiteke eta bilbotarra, ordea, espainiar. Edo biak sentitu daitezke euskal herritar eta, aldi berean, magrebtar edo espainiar.

Marokoko futbol selekzioak Espainiari eta Portugali irabazi izanak Euskal Herrian eragin dituen kale ospakizunek harrotu dituzte hautsak gure artean. Bat baino gehiago haserre azaldu da gazte «migratzaile» horiek integratuta ez daudela salatuz eta bertakoak sentitzen omen ez direlako. Bide luzea geratzen zaigu aniztasunaren onarpena politikoki zuzena den kontzeptu soil bat baino gehiago izan dadin! Batetik, gazte horiek «bertakoak» izan daitezke, alegia, bertan jaioak eta beharbada euskarazko eredu bateko ikasle izandakoak. Bestetik, afrikarren mendeku sinbolikotzat ere uler litezke algara eztandak: zuek mendean gauzkazue, bada, horra hor gure ostikada! Izan ere, herrialde askotako banderak ikusi ahal izan dira kalean. Eta garrantzitsuena: irudikatu dezakegu Espainiako selekzioak irabaziz gero Bilboko gazte batzuen balizko ospakizunari «euskal gizartean integrazio falta» egoztea? Ez dut uste zalantzan jarriko genukeenik zale horiek bertakoak direla.

Nik ez dut futbola maite, baina poztuko naiz Frantziak galdu izan badu atzoko partida.