Nerea LAUZIRIKA
LEKUA

Metrokoadroka, Torrealdairen bidetik «Artxibo biluzia» lanarekin

“Artxibo biluzia” proiektuarekin Metrokoadroka kolektiboak eskuratu du Joan Mari Torrealdai ikerketa beka. Jakin fundazioak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean sortu dute beka. 14.000 euro jasoko dituzte, proiektua 18 hilabetean gauzatzeko.

Oier Guillan, Agurtzane Solaberrieta eta Haritz Azurmendi, bekaren sarituen aurkezpenean, Usurbilen.
Oier Guillan, Agurtzane Solaberrieta eta Haritz Azurmendi, bekaren sarituen aurkezpenean, Usurbilen. (USURBILGO UDALA | USURBILGO UDALA)

Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren lehen edizioan Metrokoadroka kolektiboak proposatutako ‘Artxibo biluzia’ izan da aukeratua.

«Inpotentziarik handienarekin ikusten nuen nola ari ziren hondatzen nire bizitza eta lan profesionala, nire ikerketak, nire etorkizuna. Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki». Torrealdairen aipua, Metrokoadroka kolektiboa inpaktatu zuena bekaren jaso aurretik. «Hortik dator proiektuaren izena ere», azaldu zuen Oier Guillan sarituak aurkezpenean. «Hutsik geratutako karpeta imajinatzen genuen», gaineratu du, NAIZ irratiari egindako adierazpenetan.

Inpaktutik ‘dokumentakziora’

Dokumentazioa, Guillanen hitzetan, «etorkizunera begirako ekintza da, geure buruari nor garen kontatzea». Lan egiteko modu hori Torrealdairen ikuspuntuarekin bat datorrela deritzo Guillanek, eta perspektiba horretatik heldu zieten bekaren oinarriei.

Hori da orain egin behar dutena, dokumentazioa, edo ‘dokumentakzioa’, zehatzagoak izanda. «Modu akzidentalean sortutako kontzeptua da», azaldu dio Guillanek NAIZi. Kolektiboaren jardunari ezin hobeto datorkion terminoa da, ordea, performancearen inguruan ibiltzen baitira.

Oinarriak «ezohikoak eta esker onekoak» zirela deritzo Guillanek. Bi ardatz nagusi ditu proiektuak: sorkuntza eta formakuntza. «Sorkuntzarena erakusteko zerbait izango da, hiru gairen inguruko pieza laburrak», azaldu du. Antzerkia eta performancea uztartuko dituzte, nahiz eta ez dakiten zehazki bakoitzetik zenbat izango duten piezek.

Pieza laburrak izanik, aukera emango die modu desberdinetan aurkezteko: «Elkarrekin aurkez daitezke era klasiko batean». Beste modua litzateke piezak zatika aurkeztea: «Interesgarria iruditzen zitzaigun banaka ere eskaintzea espazio txikietan, normalean horrelakoak egiten ez diren espazioetan». «Ez genuke erakustaldi hutsean erori nahi», gaineratu du. Alegia, publikoa hartzaile izatetik parte-hartzaile izatera eraman nahi dute.

Kontsumitzailea, sortzaile

Formazioaren ardatzari dagokionez, ‘performance’ tailer batzuk egin nahi dituzte, «irekiak, non parte-hartzaileei eskainiko zaizkien baliabide performatikoak ekartzen dituzten gaiei forma bat eman diezaieten», argitu du Guillanek. Azpimarratu du ez dela inondik inora ere beharrezkoa izango aurretiaz antzeko tailer batean parte hartu izana: «Kulturzaleari gutxitan eskaintzen zaio parte hartzeko, eta gauzak kontatzeko aukera eta ate hori zabaldu nahi genuen».