GARA

Naturaren kode berri bat agerian utzi dute

Kaliforniako Unibertsitateko (Riverside) ikertzaileek landareek, fotosintesia hasteko, beren buruei bidalitako kodea deszifratu dute.

Tximeleta, lorearen nektarra hartzen.
Tximeleta, lorearen nektarra hartzen. (Jack TAYLOR | AFP)

Botanikariek badakite, duela mende erditik, landare-zelula baten aginte-zentroak, nukleoak, zelularen beste alde batzuetara jarraibideak bidaltzen dituela fotosintesia eginarazteko. Jarraibide horiek proteina moduan iristen dira eta, proteinarik gabe, landareak ez dira ez berdatzen ez hazten. Riversideko Botanikako irakasle Meng Chenek ohar batean azaldu duenez, «fotosintesia sortzeko seinalea zein den zehaztea lastategi batean orratzak aurkitzea bezalakoa izan da». Chen buru duen laborategiko zientzialariek proteina horietako lau aurkitzeko erabilitako prozesua ‘Nature Communications’ aldizkarian dokumentatu da. Prozesua sinfonia batekin alderatu du Chenek: «Sinfoniaren gidariak ‘fotoerrezeptore’ izeneko nukleoko proteinak dira, argiari erantzuten diotenak». Sinfonia zelularen bi «aretotan» interpretatzen da, tokiko musikariekin (nukleoa) zein urruneko musikariekin. Horregatik, orkestra-zuzendariek (fotohartzaileak), nukleoan baino ez daudenek, urruneko musikariei urrutiko mezuak bidali behar dizkiete. Azken pauso hori nukleotik kloroplastoetara doazen lau proteinek kontrolatzen dute.