GARA
BILBO
GAZTEEN EUSKAL BEHATOKIAREN TXOSTENA

Gazteek soldata erdia baino gehiago bideratzen dute etxebizitzara EAEn

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko gazteek soldataren %30 baino gutxiago erabili behar dute etxebizitza babestua alokatzeko edo hipoteka ordaintzeko. Merkatu librean, ordea, ehuneko hori %50etik gorakoa da, eta «gainzorpetu» egiten dira. Txostena Lakuako Gobernu Kontseiluan aurkeztu dute eta Jonan Fernandezek azaldu ditu xehetasunak hedabideen aurrean.

Etxebizitzak Zarautzen.
Etxebizitzak Zarautzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gazteen Euskal Behatokiak egindako “Bizitegi-emantzipazioaren kostua Euskadin 2021” txostenak jasotako datuen arabera, gazteek soldataren %50 baino gehiago behar dute etxebizitza libre bat ordaintzeko, dela alokairuan zein hipotekarekin.

Aldiz, etxebizitza babestuetan %30etik behera gastatzen dute. Txostena Lakuako Gobernu Kontseiluan aurkeztu dute eta Jonan Fernandez Gizarte Trantsizioko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak azaldu ditu xehetasunak hedabideen aurrean.

Gazteen Euskal Behatokiaren txostenak plazaratutako datuek egiaztatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan etxebizitza eskuratzeko kostuak iaz behera egin zuela gazteentzat, 2020aren aldean, soldaten igoera merkatu libreko etxebizitzen salmenta- eta alokairu-prezioen igoera baino handiagoa izan zelako.

18-34 urteko gazte batek merkatu librean etxebizitza bat erosteko hipotekaren lehen hilabetea ordaintzeko erabili behar duen hileko soldata garbiaren ehunekoa %57tik %52,9ra jaitsi zen 2020an.

Adinak gora egin ahala, soldatak ere igo egiten dira, eta, beraz, etxebizitza eskuratzeko kostua txikiagoa da, erosteko zein alokatzeko, nahiz eta merkatu librean 30-34 urteko pertsonek gehiegizko zorpetze-egoeran jarraitzen duten etxebizitzaren ordainketari dagokionez.

Zorpetze txikiagoa alokairu librea ordaintzean

Alokairuko etxebizitza librea eskuratzeko kostua gutxiago jaitsi da; izan ere, gazte batek 2021ean alokairua ordaintzeko erabili behar zuen soldataren ehunekoa %51,1 da; aurreko urteko %52,7aren azpitik, alegia. Gipuzkoako gazteek egin behar diete aurre kostu handienei merkatu librean sartuz gero, batez ere erosteko, lurralde horretan etxebizitza libreak garestiagoak baitira Araban edota Bizkaian baino.

Etxebizitza librearen kostuak soldata garbiaren %30 gainditzen du; hau da, finantza-erakundeek eskatzailearen kaudimena zehazteko ezartzen duten ehunekotik gora dago. Gainzorpetzetzat jotzen dena ere gainditzen du, %40tik gorako ehunekoa, hain zuzen ere. Hori dela eta, gazte askok beren burua gainzorpetu behar izaten dute, derrigor, etxebizitza eskuratu nahi izanez gero.

Txostenak argitaratutako datuek agerian uzten dute 18 eta 34 urte bitarteko gazteek zailtasunak dituztela bakarrik emantzipatzeko behar duten soldata kobratzeko, eta beraz, emantzipatzeko.

Etxebizitza babestua, eskuragarriago

Etxebizitza babestuari dagokionez, bai erosketan, bai alokairuan, askoz ere kostu onargarriagoak dituzte lana duten gazteek; izan ere, iaz mota horretako etxebizitza bat bakarka erosi zuenak soldataren %28,8 bideratzen zuen hipotekara, eta etxebizitza babestu baten alokairua ordaintzeko, berriz, %28,1.

Ehuneko horiek bakarrik emantzipatzeko aukera ematen dute, %30eko zorpetze-muga gainditu gabe, txostenean azaltzen denez. Bertan jasotako datuak gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategian sartuko dira. Aipatutako estrategia joan den abenduaren 7an aurkeztu zuten.

Estrategiaren helburua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteek lehenago independizatu ahal izatea, 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazio-tasak %39,5etik %50era igo daitezen eta 30 eta 34 urte bitartekoen artean, berriz, %72tik %75era igo daitezen. Eusko Jaurlaritzak emantzipatzeko batez besteko adina jaitsi nahi du. 2025. urtean 29ra jaitsi nahi du eta 28ra 2030ean.

Etxebizitzen emantzipazioari buruzko txosten hau hamabi adierazletan oinarritu dute. Adierazle horiek etxebizitza librea eta babestua eskuratzeko kostua islatzen dute, jabetzan zein alokairuan.

Hala ere, kostu teorikoa dela argitu dute; izan ere, salgai edo alokairuan dauden etxebizitzen batez besteko prezioen, gazteen batez besteko soldaten eta hipoteka-maileguen baldintza estandarrekin egindako kontuak baitira. Hori dela eta, kasu ugari daude emandako datuetan sartzen ez direnak.