Barakaldoko familia gurasobakarraren etxegabetzea gelditu dute
Berri Otxoak gizarte bazterketaren aurkako eta gizarte eskubideen aldeko plataformak atzo jakinarazi zuen Barakaldon abenduaren 30erako aurreikusita zegoen 52 urteko emakume baten eta bere 15 urteko alabaren etxegabetzea geroratzea lortu dutela. Prekaritatearen eta pobreziaren aurkako plataformak Barakaldoko Epaitegian premiazko luzamendu-eskaera erregistratu du, familia gurasobakar hori etxetik botatzea eragozteko. Momentu honetan, luzapen-eskaera ebazteko dago.
Asteazkenean, Inozente egunean, Alokabidek Bilbon duen egoitzaren atarian etxegabetzeen «inozentadaren» aurkako protesta bukatutzat eman ondoren, plataformako kideei jakinarazi zieten luzamendu-eskaera oraindik ebatzi gabe zegoenez kaleratzea beste abisu bat eman arte atzeratuko zela. Era berean, gizarte bazterketaren aurkako kolektiboak salatu zuen aste gutxi batzuk baino ez dituela irabazi. Plataformak kritikatu zuen bai tokiko gobernuko gizarte-zerbitzuek bai Alokabidek «ez diotela irtenbidea emateko eskaerari erantzuten, nahiz eta emakumeak hala eskatu». «Ez Barakaldoko Udaleko Gobernu taldeak ez Eusko Jaurlaritzak ez diete orain arte eskaini bizitzeko beste aukerarik, egungo legeak eskatzen duen bezala, emakume horri eta haren alaba adingabeari. Biek aurkeztu dute Barakaldoko Epaitegiak egiaztatutako zaurgarritasun-txostena». Emakume horrek «hainbat hilabete daramatza udal zerbitzuek edo Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuak bere egoera dramatiko eta premiazkoa aitortu zain eta alokairu sozialeko etxebizitza izateko eskubidea aitortu zain, egungo legediak dioen bezala». Jokaera honekin plataformak uste du «berriro ere egiaztatu dela mugatuta dagoela Eusko Jaurlaritzak 2013an onartutako etxe-kaleratzeen aurkako araudia, duela hamar urte Amaia Egaña herriko bizilagunaren heriotzaren harira osatutakoa».
Egoera horietan jarduteko konpromisoaren arabera, oinarrizko gizarte-zerbitzuak beharturik daude «erantzutera eta premiazko tramitazioa ematera, alokairu sozialeko etxebizitza bat berehala eskuratzeko», Berri Otxoak plataformak adierazi zuenez.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
