Bi mila berro mahats landatzeko proiektua abiatu dute Kanbon
Anthony Uranga Ursuia mendiaren magalean bi mila berro mahats landatzen hasiko da negu honetan. Helburua: 2023ko udarako nork bere fruitu bilketa egitera joan ahal izateko dena prest izatea. Garapen jasangarriaren ikuspegiarekin bultzatuko du gazte azkaindarrak proiektua, fotosintesia, fruitu zaporetsuak eta lana batuz.

Natura babesteko eta kudeatzeko ikasketak egin eta Anthony Uranga duela lau urte hasi zen Kanboko Biperduna baserrian lan egiten. Bertan, lankideekin, sasoiko barazkiak eta euskal piperrak ekoizten eta Kanbo eta Angeluko merkatuetan saltzen ditu. Aldi berean, bere proiektua abiatzea erabaki du 32 urteko azkaindarrak.
Biperduna etxaldetik metro batzuetara den bi hektareako lursail batean plantatuko da Uranga. «Nire proiektua, 2.000 berro mahats ekologiko landatzea da, permakulturan oinarrituz, Ursuiaren behealdeko mendi-eremuan», azaldu dio Kazeta egunkariari. Landaketa negu honetarako egitea aurreikusi du, udan fruituak bildu ahal izateko.
Garapen jasangarriaren ikuspegiarekin bultzatuko du laborari gazteak xede hori. Lehenik eta behin, ingurumen mailan, fotosintesirako balioko baitu: zuhaitzek airetik karbono dioxidoa (CO₂) hartzen dute eta guk arnasteko beharrezkoa dugun oxigenoa askatzen dute.
Gizarte mailan, berriz, berro mahatsek bertako biztanleak elikatzen lagunduko dute, oso estimatuak baitira fruitu txiki horiek, oso zaporetsuak direlako. Azkenik, ikuspegi ekonomiko batetik, lana sortuko du.
Nork bere bilketa
Arbolak hazten direnean, bezeroak beren mahats berroen bilketa egitera etortzea da proiektu horren helburua, baita xarma ere. Horri esker, gutiago ordainduko dute, eta aldi berean, ingurune natural babestu batean memento atsegin bat gozatzen ahalko dute, mendiaren eta euskal kostaldearen paisaia ikusteko aukerarekin.
Proiektua sostengatu
Horretarako, Anthony Urangak Miimosa plataforman diru bilketa abiatu du. Izan ere, Ribanjou landaretegian mahats berro landareak erosteko erabiliko du dirua. Gastu osoa 6.335 eurokoa da, hainbat barietatetako 2.000 ale erosteko: Ivanhoe, Estive eta Darrow. Horrez gainera, lursaila ahalik eta hobekien prestatzeko eta zuhaixkak hazteko erabiliko den traktorea ordaintzeko ere erabiliko du bilketan lortutako dirua.
Jadanik 2.000 euro baino pixka bat gehiago biltzea lortu du Azkaingo gazteak. Diru bilketa heldu den urtarrilaren 16an bukatuko da.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
