Normalkeria bueltan
Azkenik! Azkenik bueltatu gara egun arrunten normalkeriara. Joanak dira aste bietako egun anormalak. Erosle konpultsiboen eskuak beren ohiko luzerara itzuli dira, gabonetako kaleetan, aparkalekurako bidean, poltsen zamaz luzatuak izan eta gero; ez luzerako itzuli, ostera, beherapenak datoz eta! Hasiak dira han-hemengo denda-kaleetan gabon-argiak kendu eta kutxa handietan motroiloan biltzen, neguko udal-gordailurako bidean; aurrerantzean, berriro ere, trantsizio energetikoa izango dute hizpide...
Berriro ere, botilak biltzeko izkinako iglu berdeek espazioa irabazi dute, botila gehiago jasotzeko beste; hori bai, apurtzeko moduan bota behar dira, politika teknologikoak ez baitu oraindik asmatu beira-ontzi itzulgarriak arautzea. Joanak dira errege-opilak! Ama, ama! Egiari zor, inoiz ez ditut erregeak gustuko izan, opiletan ere ez! Baina aitor dut nonoiz jan egin dudala zatiren bat, opil, erresilientziagatik izan bada ere. Eta hau kolpea! opil zatiak beste indaba ale irentsi ditut! Horrexegatik paratzen naiz urduri urdail-erradiografia egin behar didaten bakoitzean…
Bada, bai, azkenik etxeko hozkailua ere itzuli da ohiko antolamendura, behin gabonetako kaos desordenatua joanda. Orain gauza bakoitza bere lekuan dago, eskuliburuko diseinuak agindu bezala, angulak ezkerrean, lanpernak eskuinean, pasatu den urteko ogia behean, bertoko esnekiak goian, erreserbako ardorako gaseosa bazterrean… Zein garrantzitsua den kaos ordenatua!
Normalkeria bueltan! Testak ere, pandemiaren ez dakit zein aldaera ate joka dela. Parke eolikoak ere bueltan. Batzuek sorgailuak nonahi nahi, nonahi hori mendi-tontorretan bada behintzat, haize publikoa pribatizatuz. Beste batzuek, ostera, antisorgailuak nahi! Eta Bilboko atzoko argazkia azkena izateko egin dezagun aurten! Normaltasun seinale!

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
