Ahuakatea
Hura mendea, hogeigarrena, bihurgunez betea. Hala, egun batean, Hemingway New Yorkeko St. Elizabeths psikiatrikoan giltzapetua zegoen Ezra Pound aspaldiko lagunaz akordatu zen eta mila dolar bidali zizkion laguntza gisa. Lagunen lagun, Ernest. Eta oroitzeaz ari naizela, zazpi hamarkada geroago, ezin dut ahaztu ahuakatea aurreneko aldiz probatu nuen egunaren biharamunean kaletik zetorren kolpe hots lehor eta astun batek esnatu ninduela. Ohetik entzun nuena, hogeita bi urterekin Donostiako Egian bizi nintzen karrerako azken urteei ekiteko, Ametsenea gaztetxearen hustea ekarri zuen aurreneko mazo kolpea izan zen.
Une hartatik hemezortzi urte igaro dira, eta presente dut kalea zapaltzeaz bat supituki zentzua aurkitu niola Bernardo Atxagaren letrarekin Ruper Ordorikak eginiko “Berandu dabiltza” abestiari. Terriblea zen mihisea: Ertzaintzaren kargak, momentuan inprobisaturiko manifestazioa, hainbat gazte batetik bestera korrika eta, bitartean, jendea atarteetatik atera eta lanera zeraman egunerokotasun likits, gris eta itsaskorra. Gertatu zenaz oroitzean, nire burua ikusten dut desorientaturik egunero zapaltzen nituen kale-kantoi eta plazetan, indiferentziari eta polizia autoen argi urdinari iskin egin nahian.
Globalizatu zaizkigu hozkailuak ordutik, baita tarteka mehetu ere, eta guakamolea ez da iruditeria amerikarraren zera esklusiboa. Jada bada Euskal Herrian haztegiren bat edo beste eta, informatuta egon nahi izanez gero, horrek berarekin dakarren arriskua aintzat hartuta, jakin liteke fruitu hori-berde guri eta zaporetsu horrek narkoen interesa piztua duela Mexikon nekazarien zorigaiztorako eta urarengatik gatazka bat Txilen. Niri dagokidanez, Aureliano Buendia erdipurdiko naizen honentzat, fruitu hori beti izango da mazo hotsari loturiko tximista eta, gogorra bazait ere, gogorarazten didana goiz hartan ikusitakotik atera dudan lezioa: exotikoa zen ia gehiena etxekotu dugu, egunerokotasuna da ametsen aldi baterako erregulazio espedientea, eta egun harrigarria dena da inork mizpirak edukitzea sukaldeko frutaontzian.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
