GARA
DONOSTIA

Ikusgarritasuna eta berdintasuna aldarri nagusi, «Emakumeak» Kongresuan

Urtarrilaren 17tik 20ra Bilboko Euskaldunan egingo den “Emakumeak” kongresua aurkeztu zuen atzo Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun diputatuak. Emakumeen ikusgarritasunaren eta berdintasunaren alde eginiko borroka feminista aldarrikatuko dute hiru eguneko programaren bidez.

Topaketa horietan Bizkaiko emakumeek «protagonismo osoa» izango dutela adierazi zuen diputatuak. Agenda feministaz, ekonomia feministaz edo askatasun afektibo-sexualaz bidezko gogoeta egiteko espazioa sortuko dute.

Parte-hartze aski zabala

Kongresuan erreferenteak izango dira, hala nola Segolene Royal frantziar ministro ohia eta Poitou-Charentes-eko Eskualde Kontseiluko egungo presidentea; Fawzia Koofi, Afganistango politikaria eta ekintzailea; Sindy Takanashi, komunikatzailea eta dibulgatzailea; Rosa Maria Calaf eta Paloma del Rio, kazetariak; Elena Arzak, sukaldaria; edo Izaro kantaria.