GARA
DONOSTIA

Osakidetzako zerbitzuburuek elkarretaratzeekin jarraitzen dute

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek elkarretaratzea egin zuten atzo, urtarrilaren 18an Osakidetzako zuzendaritza nagusiarekin egingo duten bilerari begira, osasungintzaren alorrean irekitako krisiari aurre egiteko helburuarekin.

Donostiako ospitale parean, elkarretaratzea.
Donostiako ospitale parean, elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostialdea Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) zerbitzuburuek atzo goizean elkarretaratzea egin zuten berriz ere Donostia Ospitaleko sarrerako eskaileretan. Zuzendaritza taldearen kargu uzteak batetik, eta, bestetik, katean metatzen joan diren dimisioak direla-eta abiatu ziren protestak azken hilabeteetan. Dirudienez, 2023ko urte hasieran ere mantenduko dira elkarretaratzeak eta protestak, langileen egoera eta haserrea adierazteko. Abenduan abiatu ziren bilerarekin, eta hilaren 18an emango zaio jarraipena.

Atzo goizaldean bildutako langileek urtarrilaren 18an Osakidetzako zuzendaritzarekin izango duten bileraz ez zuten adierazpenik egin komunikabideentzat.

Joan den astean azaldutakoaren arabera, ez da berritasunik aldarrikapenetan, baina espero dute Osakidetzako zuzendaritzak gatazka konpontzeko urratsak egingo dituela.

Hilaren 18ko bileran arduradun ezberdinek parte hartuko dute: Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak eta ESIko zuzendariek, bitarteko kargudunek eta ospitale horretako zerbitzu-buruzagitzetako ordezkari batek. Bilera hori abenduaren 19an izandakoaren segida izango da.

Orain arteko bidea

Donostia Ospitaleko zerbitzuburuek aitortu zuten abenduko elkarrizketa «jarrera onarekin» hasi zela, eta adierazpen publikoetan Osakidetzari eskatu zioten «asmoen adierazpena egitate zehatzetara» pasatzeko. Besteak beste, eskatzen dute Donostia Ospitaleko zuzendaritza medikoa «zentro horretatik etortzea», uste baitute «jakin behar duela zer funtzionamendu eta proiektu gauzatzen diren» osasungune horretan, bertako zuzendaria izateko.

Horrez gain, ESIaren estrategia prestatzen parte hartuko duen ordezkaritza mahai tekniko bat eratzea eskatu zuten, baita zerbitzuen aldizkako ebaluazioa egitea ere; kalitate adierazleen eta «bi noranzkoen» bidez egitea, hau da, profesionalek eta erdi-mailako buruzagitzek ere ebaluatzea.

Beste aldarrikapen bat giza baliabideen politikaren gardentasuna izan zen, plantillak «behar bezala dimentsionatu» eta egonkortu ahal izan daitezen.

Onkologikoari dagokionez, krisia hasi zenetik profesional sanitarioen lehentasunezko borroketako bat izan da, hain zuzen ere, Onkologikoa Donostialdea ESIan integratzea. Eskatutakoa izan da zuzendaritzak minbizian espezializatutako zentrorako plan estrategiko bat aurkez dezala eta atxikimendu hitzarmen berria azal dezala.