Kamioientzako bidesariak hil honetan jarriko dira berriz martxan N-Ieta A-15ean
Gipuzkoako Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak atzo iragarri zuenez, datozen asteetan martxan jarriko dira berriro N-I eta A-15 errepideetako kamioientzako bidesariak. «Ezin ditugu errepide horien mantentze-lanak ordaindu gizarte politiken kaltetan», esan zuen jeltzaleak. EH Bilduk Gobernuaren «inprobisazioa» salatu zuen.

N-I eta A-15 errepideetako kamioientzako bidesariak hil honetan jarriko dira martxan. Hala iragarri zuen atzo Gipuzkoako Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak, EITBri eskainitako elkarrizketa batean.
Adierazi zuenez, Europar Batasunak babesten ditu halako neurriak, errepideen «erabiltzaileak ordaindu egin behar duelako», eta horretarako bidesariak jarri behar dira. «Errepide horiek egunero-egunero jasaten dute sekulako trafikoa, batez ere kamioiena, gehienak bertakoak ez direnak, eta hori ezin du erakunde publiko batek bere gain hartu gainontzeko politika publikoen kalte», gaineratu zuen iraganean onartu diren neurriak gogoratu aurretik; izan ere, hirugarrenez jarriko dira indarrean halako bidesariak.
2016an onartu egin zen kamioientzako bidesariak ahalbidetzen zituen foru araua, eta 2018an bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, garraiolarien sindikatuek aurkeztutako helegiteen ondorioz. 2019an bigarren arau bat onartu zen, eta 2021ean bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak.
Erabaki horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak aldaketak egin zituen. Hala, arau berriak aurreikusten du N-I eta A-15 errepideen ibilbide osoa osatzen duten 76,3 kilometroak ordainpekoak izatea.
Kalte-ordaina
Aurreko arauak bertan behera geratu ziren, baina epaitegiek erabaki irmoa hartu bitartean, garraiolariek ordaindu behar izan zuten bidesaria. Eta aste honetan Hiruk Gipuzkoako Aldundiaren «trabak» salatu ditu bidesarien ordainketak itzultzeko prozesuetan.
Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 3 zenbakiko Epaitegiak asteazken honetan jakitera eman zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 13.000 euroko kalte-ordaina emango die bidesaria bidegabeki kobratzeagatik erakundearen aurka salaketa jarri zuten hiru garraiolariri.
Dena den, garraiolarien sindikatuak dioenez, bide administratibotik jo zuten mila garraiolari ingurutik asko bidean gelditu dira.
Mendozak esandakoaren arabera, badirudi Aldundiak auzitegietara jo duten garraiolariei bakarrik itzuliko diela ordaindutako dirua. «Aurkeztu dutenei begira, ikusiko dugu zer egin behar den, baina horretara mugatzen da», azpimarratu du.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
