Euskararen aldeko dinamika berria, Iruñetik: «2023ko sorionekuak»
Dinamika eta proiektu ezberdinetako nafar talde batek euskararen aldeko manifestu bat aurkeztu zuen atzo. Baikortasunetik heldu nahi diote euskarari, «etorkizunarekiko ikusmira» gisa ikusiz eta «historiaren orrialde berriak idatzi, euskaraz». Horretarako hitzordua ere jarri dute: ekainaren 10ean, Iruñean.

Nafarroako herritar talde batek euskararen aldeko manifestu bat aurkeztu du, hainbat dinamika eta proiektutan lan egiten duten pertsona eta eragileek sinatuta. Ekitaldia Ziudadelako Armen Aretoan egin zuten atzo. «Euskaraz ikasi, jolastu, mintzatu, barre egin, fikzioa ikusi eta amets egin nahi dugun herritarrak gara», adierazi zuten.
Herrialdean ekimen ezberdinetan parte hartzen duten norbanakoek sustatu dute manifestua. «‘Ager’-eko landetan ekimenak antolatzen ditugu, euskaraz idazten dugu, euskara irakasten dugu, kultura egiten dugu, kirola euskaraz sustatzen dugu, injustiziei hordagoa botatzen diegu... Finean, Nafarroa osoko hainbat eremutatik eta bidetatik gatozen herritarrak gara, gaurtik hasita, euskaraz bizi nahi dugunak», azaldu zuten.
Nabarmendu zuten ez direla gutxi egunero aurkitzen dituzten oztopoak. «Euskara ikastea ez da guztion eskura dagoen zerbait; kulturaren ozeanoan tanta txiki bat da euskaraz ekoitzi eta zabaltzen dena; administrazioan zerbitzuak euskaraz jasotzea ez da erraza izaten, eta hiztun moduan eskubide desberdinak ditugu Nafarroan, gure posta-kodeak definitzen ditu geure hizkuntza-eskubideak; atzerriko hizkuntzen azpitik puntuatzen da euskara ehunka lanpostutan; paisaia linguistiko elebiduna izateak, maiz, esfortzu, borroka eta lan handia eskatzen du».
Hala ere, euskal hizkuntzari baikortasunetik heldu nahi diote. «Telebista piztu eta konturatu gabe geure burua euskaraz gozatzen harrapatu nahi dugu. Ez dugu ahaleginarekin bakarrik lotu nahi. Erosketak egitera joan eta kezkarik, beldurrik nahiz lotsarik gabe euskaraz mintzatu nahi dugu parekoarekin. Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, akaso, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe. Zorioneko izan nahi dugu, 2023ko ‘sorionekuak’, etorkizunari segida eman nahi diogulako», adierazi zuten Irulegiko Eskuari keinu eginez.
Euskara «etorkizunarekiko ikusmira» gisa ikusten dute. «Hemen bildu garenok bide horretan erein nahi dugu geure alea: euskara historia luzea duen hizkuntza da baina, batez ere, etorkizun oparoa edukiko duena. Erabil dezagun ‘sorioneku’ bihurtu gaituen 2.000 urteko eskua etorkizunari ongietorria emateko».
Ekainak 10, mobilizazioa
Horrela, euskal eragile sozialei, politikoei eta norbanakoei batzeko deia egin zieten, «euskara ez baita museoetan gordetzeko harribitxia, euskara etorkizuneko hizkuntza da, Nafarroakoa, nafar guztiona, denona». Ildo horretan, «ardura politikoak» ere exijitu dituzte. «Ez dugu bigarren mailako herritar izan nahi. Eskubide guztiak herritar orori bermatuak izan daitezen nahi dugu, fikziozko mugarik gabe. Euskarari bere lekua eta prestigioa emateko eskatzen dugu, dagokiona; izan ere, euskarak hiztunak behar ditu eta hiztunok, eskubideak. Bereizkeria eta bazterketa ez dira aukera bat: pertsona guztiontzako eskubide guztiak nahi eta behar ditugu. Herritarrok egiten ari garen moduan, har dezala administrazioak erantzukizuna bere gain».
Beraz, «urrats bat aurrera» egiteko erabaki argiarekin aurkeztu dira. «Herritarron garaia da, euskararen garaia da, Nafarroaren garaia da» eta dinamikara batzera deitu zuten «herritar guztion eskubideon alde».
«Etsitzea ez da aukera bat», nabarmendu zuten. «Erakutsi dugu eta oraingoan ere erakutsiko dugu: efemeride berriak sortu nahi ditugu». Eta horretarako hitzordua ere jarri zuten: ekainaren 10ean, Iruñean «herri mobilizazio historikoa» egingo dutela iragarri zuten.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
