GARA
DONOSTIA

Denboraleak hildako bat eragin zuen atzo eta elur gehiago dakar gaur

Euskal Herria kolpatzen ari den neguko denboralea hainbat arazo sortzen ari da eta gertakari lazgarri bat ere utzi zuen atzo: larrialdi-zerbitzuek ordu batzuk desagertuta eman zituen 80 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten goizean Bermeoko portuan.

Gainera, okerrena gaur datorrela diote aurreikuspenek, elur maila jaistearekin batera. Nafarroako Gobernuak Babes Zibileko Planaren larrialdi aurreko maila aktibatu zuen atzo eta indarrean egongo da gaur, elurte arriskua dela eta. 20 zentimetro ere metatu daitezke Pirinioetan eta 500era jaitsiko da kota isurialde kantauriarrean. Aemet-ek abisu laranja aktibatu zuen Nafarroan elurteengatik eta 100 km/h-ko abiadurarainoko haizearengatik.

EAEn, halaber, alerta laranja aktibatu zuen Lakuak olatu indartsuengatik (6-8 metrokoak erregistratu ziren atzo) eta elurra egiteko arriskuarengatik; 400 metrora jaits daiteke elur kota. Arrazoi horregatik neguko bide-plana aktibatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Euriaren eraginak

Euriteak arazo batzuk eragin zituen atzo Euskal Herriko hainbat tokitan, batik bat errepideetan. Bizkaian, kasurako, Butroe eta Gobela ibaiek Mungian eta Getxon lonjak urez bete zituzten.

Donostian itsas pasealekuak itxi ziren olatu handien arriskua murrizteko, eta Euskotrenek Orio eta Usurbilen arteko zirkulazioa eten zuen hiru orduz zuhaitz bat erori zelako.

Ipar Euskal Herrian uholdeak erregistratu ziren Senperen eta Donibane Lohizunen eta errekek Gixune inguruan gainezka egin eta errepideak urpetu zituzten.