GARA
BILBO

Euskal Trenbide Sareko linea guztietan greba egingo dute bihar

Euskal Trenbide Sareko (ETS) linea guztietan lanuzteak iragarri dituzte ostiralerako ELAk eta LABek, enpresa batzordean gehiengoa duten sindikatuek. Ohar baten bidez atzo jakinarazi zuten Lakuako Gobernuak ez duela akordiora iritsi nahi.

Langile guztien erosahalmena handitzea, segurtasuna hobetzea eta, oro har, beharginen lan baldintzak hobetzea eskatzen dute sindikatuek, eta sarritan elkarretaratzeak egin dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko Euskotrenen egoitzen aurrean. Joan den urteko apirilaren 1ean sinatutako 2021-2023 hitzarmen kolektiboa onar dezala eskatzen dio gehiengo sindikalak Lakuari, han aurreikusten baita, aipatutako hobekuntzez gainera, gaur egun aldi baterakoak diren 200 lanpostu plaza finko bihurtzea.

01.00-03.00, 10.00-12.00, eta 20.00-22.00 izango dira lanuzteak.