Euskara modernoaren hiztegi zabalena

15 urteko lanaren ondoren, sarean da “Egungo euskararen hiztegia (EEH)”, euskara modernoa jasotzen duen hiztegi zehatz eta zabalena, Ibon Sarasola hizkuntzalari eta euskaltzainaren gidaritzapean.

Ibon Sarasolak hartu du beregain hiztegiaren osaketa.
Ibon Sarasolak hartu du beregain hiztegiaren osaketa. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Ibon Sarasolak aste honetan amaitu duen lana EHUko Euskara Institutuaren barnean garatu da. Egitasmoa burutzeko, hizkuntzalari eta euskaltzainak Josu Landa idazle eta informatikariaren laguntza izan du. XXI. mendeko euskarazko testuak hartu dituzte abiapuntutzat, eta 70.700 sarrera eta 529.000 adibide bildu dituzte. Halatan, “Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)” euskara modernoa jasotzen duen hiztegi zehatz eta zabalena bilakatu da. EHUko webgunean kontsulta daiteke. Hiztegigintzan ibilbide oparoa egina du Ibon Sarasolak. Koldo Mitxelenaren heriotzaren ostean berak hartu zuen “Orotariko Euskal Hiztegia”-ren zuzendaritza, eta 2005ean aurkeztu zuten lehen edizioa, kasik 126.000 sarrera biltzen zituena. Urte hartan bertan, “Zehazki. Gaztelania-euskara hiztegia” (Alberdania) argitaratu zuen, 100.000 sarrerarekin, eta, bi urte geroago, “Euskal hiztegia” (2007, Elkar). “Hiztegi Batua EuskaProsan”-en osaketan ere parte hartu zuen.