Urteko lehen elurteak uholde arriskuari bide emango dio
Elurra iragarrita zegoen eta elurra iritsi zen. Urteko lehen elurteak Euskal Herriko barnealdeko zati handi bat mihise zuri batez estali eta zirkulazioa zaildu zuen bigarren mailako zenbait errepide eta mendatetan. Hiriburuetan ere izan zen elurrik. Gasteizek jaso zuen kopuru handiena, baina Iruñeak izan zuen bere dosia. Bilbon ere ikusi ahal izan zen.

Goizaldean iritsi zen hainbeste iragarritako elurra Euskal Herrira. Eta halaxe esnatu zen barnealdeko zati handi bat, zuriz estalita. Irudi polit batez gain, mendateetako eta bigarren mailako errepideetako zirkulazioan sortutako arazoak izan ziren protagonista.
EAEn alerta laranja ezarri zuten elurrarengatik, eta goizeko lehen orduan Etzegarate -Gasteizko noranzkoan-, Andazarrate, La Barrerilla, Bikosgana, Gasteizko mendatea, Herrera, Gatzaga, Lekoizgana, Opakua, Urduña, Urkaregi eta Urraki mendateak itxi egin behar izan zituzten. A-15 errepidean, A-8 autobidean Bizkaiko barnealdean, Altubeko autobian, AP-1 autobidean Gasteizen, N-240 errepidean eta N-I errepidean, Arabako tarte osoan, arazoak sortu zituen. Halaber, azken errepide horretan eroritako txingorrak auto ilara luzeak eragin zituen Arrasate parean.
Nafarroan, arazo nagusiak Pirinio aldean izan ziren. A-15 errepidean ere, goizeko lehen orduan, neguko pneumatikoak zeramatzaten autoak baino ezin izan ziren ibili, eta hegoalderako norantzan itxi egin zuten arratsaldean.
Alertak martxan
Javier Remirez nafar Gobernuko kideak, elur denboralearen aurrean «normaltasuna» izan zela adierazi zuen.
Exekutiboak abisu laranjaren egoera mantenduko du gaur, baina bihar alerta laranja kentzea aurreikusi dute. Lakuak ere, gutxienez, gaurko 09:00ak arte eutsiko dio alertari. Ordutik aurrera, eta 18:00ak arte, abisu horia aktibatuko da elurteengatik.
Ipar Euskal Herrian denboraleak uholdeak eragin zituen asteartean Senperen, Donibane Garazin eta inguruetan, eta argindarrik gabe geratu ziren 1.300 erabiltzaile.
Era berean, Lakuak Uholdeen Plan Berezia alerta fasean mantentzea erabaki zuen: «Euri prezipitazioen fase berri horrek eta elurraren hustubideak bat egingo balute, ibaien maila handitzea posible da, eta horrek arrisku egoerak sortzea».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
