GARA
IRUN

Funts batek 80 urteko pentsiodun bat kaleratu nahi duela salatu dute Irunen

Stop Promontoria Coliseum Real Estate funts putreak Irunen 80 urteko pentsiodun zaurgarri bat kaleratu nahi duela salatu zuen Kaleratzeak Stopek. Hori eragozteko, elkarretaratzera deitu du astearte honetan, 11.00etan, Donostiako Askatasunaren etorbideko 21. zenbakian dagoen Sabadell bankuaren aurrean. Elkarretaratzean kaltetua bera, Irungo Udaleko zinegotziak, batzarkideak, gizarte erakundeak, kaltetuak eta plataformako laguntzaileak izango dira.

Azaldu zuenez, aipatutako funtsa bide judizialetik hasiko du etxegabetzea, baldin eta Angel Miguel Medranok hilaren 24an alokairu sozialeko etxebizitza uzten ez badu.

Kaleratzeak Stop elkarteak zehaztu duenez, pentsiodunak Banco Sabadellen bere semeak finantza krisiaren ondorioz ordaindu ezin izan zuen negozio baterako mailegua bermatu zuen. Arrazoi horregatik, «hiru urteko alokairu sozialeko kontratu baten bidez ordainean ematea lortu zuen, kalteberatasun egoera zela-eta, baina 2021eko urtarrilaren 24an amaitu zen».

Solviarekin, funts putrearen jabetzak kudeatzen dituen higiezinen agentziarekin, hiru hilabetez negoziatu ondoren, «alokairu sozialaren errenta 315 eurotik 600era igotzea eskaini diote, kontratua zazpi urterako berritzeko bidezko aldarrikapena lortzeko; errentatzaileak ez du onartu».

Kaleratzea Gasteizen

Irunen egoera hori gertatu bitartean, Gasteizen legez kanpoko utzarazpen bat izan zen joan den ostegunean, Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak salatu zuenez. Kaltetua Errementari kalean bizi den plataformako emakume bat da.