Nerea GOTI
BILBO

Azken topaketa bat martxoan, Foro Sozial Iraunkorraren ibilbidea ixteko

Martxorako antolatutako topaketa batekin emango dio amaiera bere ibilbideari Foro Sozial Iraunkorrak. Azken hamarkadan emandako aurrepausoen balantzean, bakea eraikitzeko prozesua amaitu gabe dagoela eta indarkeria zikloaren ondorioak oraindik konpondu gabe daudela ohartarazi du herri dinamikak.

Foro Sozial Iraunkorreko partaideak, atzo, Durangon egindako agerraldian.
Foro Sozial Iraunkorreko partaideak, atzo, Durangon egindako agerraldian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Martxoan izango den topaketa batekin Foro Sozialak bere jarduna bukatutzat emango du, atzo gizarte zibilaren eragile eta norbanako ezberdinekin Durangon izandako bilkuraren osteko agerraldian iragarri zutenez. Erabakia aho batez hartua izan zela azaldu zuten herri ekimeneko bozeramaileek, azken hamarkadan emandako aurrepausoak aletu eta fase berrira begira jarritako adierazpen batean.

Hamar urteetan egindako bidearen izaera kolektiboa nabarmendu zuten, baita egoera oso zail batean «konfiantzazko espazioak eraikitzeko» erakutsitako heldutasuna ere. Bereziki aitortu zuten eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozial askok beren erosotasun eremuetatik ateratzeko egindako ahalegina, «banatzen gaituenaren gainetik batzen gaituena» jarriz. Elkarrizketaren kultura berri baten sorreraz hitz egin zuten ekimenaren ordezkariek, tonuaz edota beharrezko «erdiko erraila» bezalako estrategia bultzatzearen emaitzaz.

Emaitzei dagokienez, adierazi zuten sorreran finkatutako hamabi gomendioetatik hamaika beteta daudela edo «oso aurreratuta eta konponbiderako markoak definituta» dituztela. Hala ere, argi utzi zuen konpondu gabe jarraitzen dutela indarkeria zikloaren ondorioek. Nabarmendu zutenez, «hilabete hauetan oztopo berriak agertu dira bidean, fase berri baten erronkak identifikatzen dituzte- nak». Horren aurrean tresna berriak eraiki beharko dira.

Bere ibilbidearen balantzea egitean, gogoratu zuten konponbide integralaren alde lan egiteko jaio ez bazen ere, Foro Sozial Iraunkorrak indarkeria zikloaren ondorio guztiak konpontzeko gomendioak jarri dituela mahai gainean.

Entzuteak eta jarraipenak

«Blokeo anitzen» hasierako garai haiek gogora ekartzean, bideak zabaltzeko egindako lanak izan dituen zenbait ardatz aipatu zituzten: «askatu gabe dauden korapiloak identifikatzea, nazioarteko esperientziak aztertzea, nazio estandarretan oinarritutako gomen- dioak egitea, eta horien inguruan ahalik eta adostasun handiena lortzea». Bizitako uneei erreparatuta, onartu zuten «handiak» izan direla jasandako presioak, «entzuteak eta jarraipenak» egon direla, eta gogoratu zuten nazioarteko eragileak Auzitegi Nazionalera edo Baionako polizia-etxera deituak izan zirela.

Beharrezko «pazientzia eta entzute» handiak ekarri zituzten gogora, baita aliantza berriak egiteko eta elikatzeko erakutsitako gaitasuna ere, edo denboran zehar mantendutako elkarrizketarako espazio diskretuak. Azpimarratu zuten lan harremanen sare zabal bat eraikitzea lortu dela, eta eragile berriak aktibatu.

Bidean izandako hutsuneak ere onartu ditu Foro Sozial Iraunkorrak: erakunde eta sentsibilitate politiko guztiak elkartzea lortu ez izana edo gazteekin egindako lanean asmatu ez izana.