Bestelako mapen beharra
Atlantikoan goi-presioko gunea han eta Europan behe-presiokoa beste han, eguraldi mapan ikusgai. Ondorioz hemen honetan denborak bere alea utzi digu, euritea, haizetea, elurtea, sagailoa… neguak negu izaten jarraitu nahi duen seinale, neguan batez ere, klima antropizatuan presio-eragile. Eta haizeak haize, lurralde-azaleran eguraldikoa baina mugatuagoa den mapa politikoan, ikusgai enpresa elektrikoen presio-guneak eta publikoaren depresio-guneak. Esan barik doa haizeak ere presio handitik txikira mugitzen direla... Total, sasoian sasoikoa. Mapako gune batzuetan danborrada. Danbor-hotsak hots, belarriak aspertu arte. Nireak behintzat, urrun bizi arren haizeak ekarrita; kontuak atera, olatu-kolpeen hotsa ere ezin izan dut egunotan entzun! Aitor dut, badaezpada, ni ez naiz arraroa, nire belarriak bai. Hor danbor-jole eta han Davos-jole. Sasoian sasoiko hau ere! Alpeetako Davos horretan bildu dira, berriro ere, planetako munduetan agintzen dutenak, tartean publikotik han-hor-hemen babesa ematen dieten agintari politikoak ere. Eta prefosta! berriro ere kezkatuta agertu mapamundiko puntu kardinal guztietan matazatzen ari diren krisiekin, asko eta askotarikoak, izan biosferan, geosferan, hidrosferan edota atmosferan. Baina, batek esan bezala, gaixo egotea baino okerragoa da mediku txarra izatea! Hori mapan jartzean probatzen da, zelakoak ditugun begiak!
Eta Alpeetako beste aldetik ere etorri dira notiziak, jenioz biziak. Horra gerrak ulertzeko modu berritua. Tankeak defentsarako dira, ez erasorako, eta horretan ari dira. Baina, serio orain, elektrikoak dira? Hibridoak? Eta Luetzerath herrian handitu nahi duten ikatz meategiko irudi adierazgarriak ere gogoan fresko! Olentzero baino Obelix etorri zait burura, «aldea» defendatzea, lokala eta globala. Bestelako mapen beharra.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
