Peli LEKUONA

«Hil bedi alkatea!», sokamuturra debekatu zuteneko pasartea

XX. mendearen hasieran, 1902an, errege espainolaren bi urte lehenagoko agindu bati segituz, Donostian izugarri sustraituta zegoen sokamuturra debekatu zuen Udalak. Protesta handia eragin zuen erabakiak, eta ehun urte geroago mantentzen diren aldeko eta kontrako argudio bertsuak entzun ziren orduan ere.

Sokamuturra Donostiako Plaza Berrian, 1941ean. Artean udaletxearen kokalekua zen.
Sokamuturra Donostiako Plaza Berrian, 1941ean. Artean udaletxearen kokalekua zen. (Vicente MARTIN | KUTXA FOTOTEKA)

Gazteleraz “bueyes ensogados” izenez ezagutzen zen jarduna debekatu zuten Espainiako Errege Agindu bidez 1900. urtean. Bi urte geroago Donostiako Udalak hura nola aplikatu eztabaidatu zuen Osoko Bilkuran: emaitza sokamuturraren debekua izan zen.

Josetxi Otegi historialariak NAIZ Irratiko “Hemen gertatu zen” saioan azaldu du mende hasieran Gipuzkoako hiriburuan gatazka iturri izan zela hori. Debekuaren alde zeuden udal ordezkariek, Errege Aginduaren ezinbesteko betebeharra aipatzeaz gain, «dibertsio basatia eta atzerakoia» zela zioten, baita herritarrak arriskuan jartzen zituela ere. Beste aldean, sustrai sakoneko ohitura zaharrari eustea eskatzen zuten. Ez zen edonolakoa sokamuturrak zuen zaletasuna, eta Otegik gogoratu du 1813ko abuztuaren 31n Donostia kiskali zuen erasoaren ostean berreskuratzen ia lehen gauzetakoa izan zela: hondakinen artean pasabidea ireki zuten urtebete geroago, hiria erabat txikituta egon arren, sokamuturra egin ahal izateko.

1902ko urtarrilaren 14an bozkatu zuen Osoko Bilkurak sokamuturraren debekuaren inguruan: hamasei zinegotzi alde, bederatzi aurka. Protesta izugarria eragin zuen ebazpenak: egun berean, sokamuturra kentzearen alde egin zuten zinegotziei irain eta eraso egin zieten, manifestazioa ere egin zuten eta Easo kalean garaiko alkatearen etxera joan ziren, «hil bedi alkatea!» oihuka.

KOLABORAZIO BERRIA

Sokamuturraren debeku honen pasartea da Otegik “Hemen gertatu zen” saioan abiatu duen kolaborazio berriaren lehendabiziko alea. 1900 eta 1936. urteen arteko egoera aztertuko du historialariak bere tartean, XIX. mendetik XX.erako trantsiziorako gako nagusiak emanez eta 36ko faxisten kolpearen aurretik zegoen testuinguru politiko, sozial eta ekonomikoa aztertuz.

Euskal Memoriarentzat, Donostiako oroimen historikoan sakonduz, “1900-1936, Belle Epoquetik Urriko Iraultzara” lana egin du Amaia Rodriguez historiagilearekin batera, galdera bati tiraka: «Nola iritsi ginen 36ra? Zer gertatu zen zehazki Donostian 1900 eta 1936 bitartean?».

Otegik dioenez, iraganak beti erakusten digu egindako bidea, eta horixe egin zuten, atzeko ispiluari begiratu. Konturatu ziren sasoi horretako Donostiaren irudi nahikoa polita dugula. Hiria ia desagerrarazi zuen 1813ko txikizioaren ondoren, berreraikitze eta loratze bat gertatu zen. Bretxako harresiak botata, gaur egungo Donostiako hirigunea eta gainerako auzoak zabaldu ziren.

Belle Epoque esaten zaion garaia ere izan zen: errege-erregina espainolen bisitak, oporraldiak, turismoa, glamourra... «Baina hurbilago begiratzen badugu, ohartuko gara ikuspegi oso partziala dela; alegia, ez da Donostia bakar bat egon, goi mailako burges, aberats eta merkatariena. Hori ere egon zen, baina horrez gain beste zenbait Donostia bizi izan ziren elkarrekin espazio berean».

«Langileak zeuden, baserri ugari; eta arretaz begiratzen badugu ikusiko dugu protesta pila bat izan zirela, mota askotako adierazpenak, arazoak zeudenean. Eta XX. mendea, tamalez, arazoz beteta egon zen. 19 pertsonak bizia galdu zuten 1900 eta 1936 artean, bortxakeria politikoagatik, Donostiako kaleetan; hau da, bi pertsona urtero. Esanguratsua da hori».

1900 ETA 1936 ARTEKO EPEAK

Otegik azaldu duenez, 1900 eta 1916 bitarteko aldian, artean XIX. mendekoak ziren elementu batzuk sumatzen ziren, eta lan eta bizi baldintzei buruzko gatazkak agertu ziren. Sozialismoa eta anarkismoa ailegatu ziren Euskal Herrira XIX. mendeko emigrazioari esker, Espainiako hainbat lurraldetatik etorritako langileen eskutik.

1916 eta 1923 artean beste aldi bat identifikatu dute. 1916an espainiar Estatuko lehendabiziko greba orokorra izan zen, baita Donostiakoa ere. 1917an Errusian iraultza boltxebikea izan zen, eta, mundu osoan bezala, gurean ere izan zuen eraginik. 1923an Miguel Primo de Riverak hartu zuen boterea, eta diktadura iritsi baino lehen errepresioaren aurkako erasoak izan ziren.

Hurrengo etapa 1923 eta 1930 artean kokatu dute, Primo de Riveraren diktaduraren garaian. Tarte horretan ez dute aurkitu protesta soziopolitikoen aztarnarik Donostian. Baina justu bukaeran, isildutako gatazka guztiek eztanda egin zuten: langile mugimendua indarberritu zen, errepresioaren aurkako protestak izan ziren eta Estatu mailako errepublikaren aldeko altxamenduak ere isla izan zuen.

1930 eta 1934 bitartean Bigarren Errepublika hasia zen, itxaropen handia zegoen, askatasun gehiago; baina, urtegi bat apurtzen denean, ura bere indar guztiarekin ateratzen den bezala atera ziren tentsio guztiak. «Langileek egoera hobetzeko premia handia zuten, 1929an krak ekonomikoa izan zen New Yorken, eta mundu mailako krisi bat, berriz ere klase xumeenek nabaritu zuten. Ategorrietako sarraskia ere gertatu zen, langileen sarraskirik okerrena Euskal Herrian». Berriz agertu zen iraultzaren aukera 1934an, batez ere Asturiasen, baina baita gurean ere. Urte berean, “euskal berezitasuna” agertu zen, “euskal udalen errebuelta”.

1934 eta 1936 aldia identifikatu dute gero. Orduan faxismoaren eta antifaxismoaren arteko antagonismoa argi eta garbi ikusi zen Donostiako kaleetan.

“Hemen gertatu zen” saioaren hurrengo ataletan jorratuko dituzte aldi hauek guztiak.