«Eskuak odolez zikinduta dauzkate, baina harrokeriaz aurkezten dira»
‘Haien luxua, gure fakturak’ lema duen kanpaina batekin abiatu da Jauzi Ekosoziala ekimena, fokua energiaren eta klimaren krisian jarrita. Juan Gorostidik NAIZ Irratiari azaldu dizkio dinamika berri honen nondik norakoak: «Zatikatze eta zokoratze joeraren aurrean, erantzun ahalik eta bateratuena eta sakonena eman behar da».

“Azken garaia gure aukera” lelopean, iraileko azken asteburuan Ekotopaketak egin ziren Portugaleten. Fokua ekologismoan eta ingurumenean jarrita, Euskal Herrian mugimendu ekologistak tresna baten premia duela ondorioztatu zuen. Hitzordu horren ostean, aurreko astean Jauzi Ekosoziala izeneko ekimena aurkeztu zuten Donostian, baita martxan jartzear den “Haien luxua, gure fakturak” kanpaina ere, fokua energiaren eta klimaren krisian jarrita. Juan Gorostidi Jauzi Ekosozialeko komunikazio taldeko kideak, ekimen eta kanpaina berriaren nondik norakoak azaldu dizkio NAIZ Irratiari.
Dioenez, antolakunde berri bat sortzeko beharra ikusi zuten Portugaleten, eta han hartutako bideari jarraipen «ahalik eta eraginkorrena» ematea da oraingo helburua: «Erakundetze eta eztabaidan murgilduta gaude eta, prozesu horretan, lurraldeka eta bailaraka ere antolatzen ari gara. Alde batetik, oinarri sendo bat jarri nahi dugu; eta, bestetik, eremu zabala den honetan lehentasun batzuk finkatzea nahi dugu».
Zerbait berria dela dirudien arren, Gorostidik gogoratu du ingurumenaren gaineko sentsibilitatea «aspaldikoa» dela eta «oso hedatua» dagoela Euskal Herrian. Lekuan lekuko problematikei erantzuten dieten dinamikak aipatu ditu, baina «zatikatze eta zokoratze joeraren aurrean erantzun ahalik eta bateratuena, koordinatuena eta sakonena eman behar dela» nabarmendu du.
«Ezin dugu gure auzoko edo herriko problematika zehatz batean bakarrik gelditu, baizik eta Euskal Herriko perspektiba kontuan hartu behar dugu», gehitu du Jauzi Ekosozialeko kideak.
«Lotsagarria den normaltasuna»
Bide horretan, lehenengo kanpainari ekin diote, kartel deigarri batzuen bitartez. Haietan agertzen dira Iberdrolako Ignacio Sanchez Galan eta Petronorreko Josu Jon Imaz energia arloko enpresariak. Gutxiengo batek duen aberastasun metaketa «lotsagarria den normaltasuna» bilakatu dela salatu nahi dute horrela.
Izan ere, berriki Oxfamek argitaratu duenez, munduko populazioaren %1ek jasotzen du sortzen den aberastasunaren %63. «Sistemikoa eta nahiko ezaguna zaigun errealitate bat da. Egoera lotsagarria da, baina normalizatuta dago. %1 horrek munduko botereguneak menderatzen ditu. Bitartean, Hego Euskal Herrian 100.000tik gora familia pobrezia energetikoaren ondorioak bizitzen ari dira; hau da, egun hauetan hotza pasatzen ari dira, eta berogailuak piztu edo ez piztu pentsatu behar dute», dio Gorostidik.
Hortik abiatuta, sentsibilizazio kanpaina bat abiatu nahi dute, zeren eta «duintasun minimo batetik, inork ez luke onartu behar horrelako egoera bat, baina guztiz normalizatuta dago».
“Haien luxua, gure fakturak” izeneko kanpaina berrian egin duten bezala, %1 bat horri izen-abizenak jartzen hasi behar litzatekeela uste du Gorostidik: «Latinoamerikan ikus daitekeen bezala, non enpresa multinazionalen kontra dauden lider sozialak eta indigenak erailak izan diren, eskuak odolez zikinduta dauzkate, baina zurikeria itxuraz, harrokeriaz, aurkezten dira jendartean»
«Sinetsarazi nahi digute ez dagoela beste biderik. Baina hori ez da horrela. Egin beharko genukeen lehenengo gauza egoeraren kontzientzia hartzea da», adierazi du Jauzi Ekosozialeko kideak.
«Ezinezkoa da modu berean jarraitzea»
Gaur egungo herrialde aberatsen produkzioa eta dinamika ekonomiko osoa mantentzeko, daukaguna bezalako hiru planeta beharko genituzkeela gogorarazi du Gorostidik; horrek esan nahi du gure ekoizpenaren eta gure bizimoduaren heren batera jaitsi beharko genukeela kontsumoa.
«Arazo larri baten aurrean gaude, eta ezinezkoa da modu berean jarraitzea, bide honek kolapsora eramango gaitu. Egoeraz jabetu behar dugu eta asumitu behar dugu aldaketa sakon eta errotiko batzuk ezinbestekoak direla», azpimarratu du.
Bide horretan, uste du Euskal Herrian badagoela ekologismoaren gaineko interesa, ezagutza formal edo teoriko bat. «Baina gure egunerokoan eta bizimoduan inertzia handi batek eramanda gaude. Badakigu problema bat dagoela eta problema horren erroak sistemikoak direla, baina aldi berean ez daukagu transformazio posibleen inguruko esperientzia indartsua. Ezagutza dugu, baina jakintza ez. Jakintza hori ekinean eta alternatibak bilatzetik etortzen da», azaldu du.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
