«Itsasoan bezalaxe, bizitzan ere dena ez da beti udara»
Gauzak asko aldatzen dira, gure bizitzak eta izatea ere bai. Baita itsasoa bera ere, udan eta neguan oso desberdin daudelako, esaterako. Ines Osinaga Urizarren (Arrasate, 1982) disko berria hortik dator, itsasoa zeharkatzearen bidaiatik. Itsasoak batu ditu Euskal Herria eta Kuba, ‘‘#itsasoadabidebakarra’’ lan berrian.

Itsasoa bisitatu al duzu aspaldian?
Itsasoa neguan eta udan bisitatu behar da, desberdina delako, urdin eta azul desberdinak dituelako, desberdina delako Lekeition eta Orion, maite dut haserre dagoenean, maite dut jende askorik ez dagoenean…
Itsasaldi handiekin ere gerturatzen da jendea.
Bat haserre dagoenean bezala, alde egin itsasoaren ondotik ere; haserre badago, bakean utzi behar da.
Zergatik Kuba?
Aspalditik zintzilik neukalako, desira pertsonal bat banuelako eta Sarrionandiarekin egindako kantuekin ere Habanara bidaiatzeko nahia nuelako. Baina bizitzan banituen urgentzia gehiagoko kontuak. Hala ere, ‘‘merezi dut’’ esan nion egun batean nire buruari, eta itsulapiko handi bat apurtu genuen eta bi ume eta bi heldu joan ginen. Ez zen idilikoa izan, baina joan ginen.
Habanan sortutako kantu hauek Kuban nolakoak izango liratekeen galdetu nion nire buruari. Hipotesi horri tiraka hasi nintzen kantuak lantzen, Kubako ekialdeko musikari emakumeekin sortzeko aukera eta espazioa bilatzen aritu nintzen lehendabizi, toki urbanoetatik urrun. Kuban esaten da ‘lo que sucede conviene’, eta pixka bat badu hortik ere. Kantu batzuk eraman eta bertsioak egiteko aitzakia baliatu nuen, ezagutzen ez nuen jendearekin musika egiteko modu azkarrena zelako. Egun bat jartzen genuen presarik batere gabe aritzeko. Horrela sortu ziren.
Nire amamen amamen musikarekin konektatu nahi nuen, eta danborrekin eta halakoekin iritsi ginen konexio horietara. Afrikar ukituak dituen musika da hein batean; larrua eta azala oso primitiboak dira, ahotsarekin batera.
Esan duzu egunero ez zela ilunabar idiliko hori ikusten. Leku txiroagoetan eta ibiliko zinen, ziur. Nolakoa izan da itsasoa zeharkatu eta han lanean hastea? Nola egin duzu kontaktua?
Bada, lagun batekin hitz egin eta hark beste bat aurkezten dizu, edo beste batek hitz egiten dizu hirugarrenaz. Horrela iritsi nintzen Yaimarengana, gero hark M. Alfonsorengana bideratu ninduen, eta horrela izaten zen dena. Handik materiala ekarri nahi nuen ondoren, abestiak hemen bukatzeko; ez nuen disko bat bere horretan egin nahi. Fast food aroan gaude, baina oraindik disko kontzeptualak ere badaude. Hau horietako bat da; bidaia bat kontatzen dugu diskoan, bere gosari eta afariekin.
Kontua da Kuban grabatzea ez dela erraza, mikroak sartzeko ere baimenak behar direlako, inportazioak ezin baitira egin. Tetrisean jolasten aritu naiz, eta, gauza batzuk bidean geratu diren arren, atera dira abestiak. Nire ideia zen ea nik zer ekarpen egin dezakedan kantuekin, ahalik eta urrutien iristeko, nire pribilegioekin, nire zuritik eta emetik; ikusgarritasuna, baliabideak-eta baditudalako.
Lehenengoz aitortu diot nire buruari diskoaren ekoizpena egin izana. Hortik abiatuta, gauzak eraikitzeko lurra akaso nik jarri badut ere, batzuetan ez naiz egon; etengabeko errebisio lana izan da, eta erabaki dut zein tokitan egon nahi dudan abesti bakoitzean.
Ukelelea entzun dugu, baina trikia ez duzu utzi.
Bueno, 20 urte dira kantuak ordenagailuz sortzen ditudala, eta beat batetik abiatzen da askotan kantua. ‘‘Viejuna’’ naiz ‘‘milleniala’’ izateko, baina ez naiz ‘‘boomerra’’ gauza hauetarako. Dena dela, ukelelearen aldarrikapena ere egin nahi dut. Nire nortasuna zalantzan jarri nuen une batean, aldaketa gogor baten ostean, bota zuriekin oldarkor Goserekin trikia jotzen, ‘orain zein naiz ni?’ galdetuz… Ukeleleak bizitza salbatu zidan. Musika itzali zen nire barruan; beldur nintzen musika sortzeko gogorik ez nuela gehiago izango. Bada, ukelele batek mediokrea izateko aukera eman zidan, eta bizitza salbatu. Inork ezer espero ez zuenez, nahi nuen moduan jo nezakeen.
Kantu originaletik tempoz gertu dagoela iruditu zait ‘‘Errua’’ abestia.
Kantuaren aldeko aldarri bat da. Jantzi dezakezu sinte pila batekin edo tres batekin, eta kito. Habanara, heltzeaz bat, nire ikerketarekin hasi nintzenean, esan zidaten Enid Rosales zela lehendabiziko emakumea tresa jotzen. Ez da lehena, lehenengo asko daudelako, baina bai ikusgarritasuna izan duen aurrena eta kanon horiekin onartzen dutena; eta beste emakume askori ikusgarritasuna eman diote gerora, Enidi esker. Irakaslea da unibertsitatean, Veradokoa sortzez.
Instrumentua nekazaritza mundukoa da, mutilatua baita, ukelelea bezala; baina beste soinu bat du, eta trikiarekin batera oso ondo funtzionatzen du. Arratsalde batez elkartu ginen, hurbil bizi ginelako, eta elkarri ezer esan gabe azkar irten zuen denak. Kantu bakoitzak emakume bat du protagonista, eta Enidek badu zer kontatua. Habanan bizi den emakume musikari batek nola bizi duen musika, nazioarteko eszenara salto egiteko dituen zailtasunak, ditugun amets konpartituak… Podcast bat egiteko asmoa dut denen bizipenekin; kontatuko dizuet.
Kantu liburua da eta postal bat du. Postalik bidali duzu?
Edo beste era batera esanda, zuek bidali al duzue? Ze, QR bat dauka eta toki batera eramaten zaitu. Itsasoan galtzen bazarete, bidali lasai. Iker Gozategiren argazki superrekin eginda dago, eta egia da pixka bat endogamikoa geratu dela, baina istorio oso pertsonala da. Laida Zaprek nire istorioa deseraiki eta kontatzen dena jasotzen du liburuak. Lizar Begoñari irakurri genion arte, garaikidearen politena dela artea deseraiki eta geratzen diren zatiekin zerbait berria eraikitzea. Nik ez dut obsesiorik izan doinu berriak sortzeko; horregatik, lana bitan banatu nahi izan dut: batetik, atzera begiratuz eta gauzak berriz ikusiz, eta, bestetik, bidaian sortu dena kaleratuz. #Mauriziakezdauinorhil proiekturako eginikoak ere badaude. Nahi nuen diskoan Olatzek, Loreak edo Haizeatxok ere parte hartzea.
Istoriora itzuliz, dolu potente bat bizi izan dugu denok. Nik depresio oso basati bat pasatu nuen. Betiko zoratuta geratuko nintzen beldur nintzen; ez zoratzearen beldur, hori banengoelako. Beldur hori oso primitiboa da, itsasoan bezalaxe, bizitzan ere dena ez delako beti udara. Haserrea dago, argia dago… Doluaren zati guztiak liburuan jasota daude. Gero, Ikerren argazkiek hunkitu egiten naute, eta hainbeste estimulu bisualekin gutxitan hunkitzen naiz. Musikan ere berdin. Gauza askok harritzen naute, baina hunkitu oso gutxik. Oso hunkibera naiz, baina Ikerren argazkiek hori lortzen dute. Oso barrura eramaten naute, toki umelera. Oso gordin ikusten naiz; oso basatia da, baina Ikerren begiradatik asko gustatu zait.
Euskarri fisikoaren aldarria ere bada, eta horregatik du duen itxura, ez nuelako disko soil bat nahi. Bueno, izatez, disko fisikorik ere ez nuen nahi. Gainera, Euskal Herriko diskogintza durangitisak jota dagoen sentipena dut. Azaroan argitalpen pila dago eta lehia basati bat sortzen da ikusgarritasun bila. Nahi nuen gauzak beste modu batean egin, diskoak beste bizitza bat izan zezan. Sinistuta nago gauzak beste modu batera egin daitezkeela, ez hain basati. Industria eta plaza asko biolentoa da, oso gordina.
Ikerketa honetan gauzak zurera ekarri dituzu, baina musikariak erabat aske dabiltza.
Bai, espero dut ahalik eta askeen sentitu direla eta horretarako baldintzak jarri ditugula. Konturatu naiz musikatik garrantzitsuena, edo gehien gogoko dudana, ez dela kantuak egitea, baizik eta gauzak kontatzea. Hiru minutu eta erdi askotan labur geratzen zaizkit, eta ihes egiten saiatu naiz hortik, gauzak kontatzea delako gehien betetzen nauena.
Badirudi joera aldatzen ari dela.
Bai, orain batzuetan abestiak bi minututara doaz. Hiru minutu eta erdi askotan luze geratzen zait, baina beste batzuetan labur, eta segituan joaten naiz 4:20ra eta gauzak kentzeko beharra sentitu izan dut. Baina ez, oraingoan ez.
Eta zuzenekoak?
Banabil zuzenekoetan, Sarrirekin ‘‘Katuen kontuak’’ egiten; urtarrilean berriz martxan jarri gara: Basaburuan, Tafallan, Villabonan… entzungo dira kantuak modu batean. Eta #Mauriziakezdauinorhil emanaldian beste modu batera. Aurten proiektua topera egongo da, konspiratzen, gainera. Kantuak plazan daude, ni hor nago, eta uste dut 2023an #itsasoadabidebakarra lana entzuteko aukerarik izango dela. Bitartean, etorri beste emanaldietara, instagramen ‘bitxeatu’, bizilagunari galdetu, jo atea kax-kax…
Bada, gozatu bideaz.
Bai. Promozio elkarrizketetan ere gozatzen ari naiz. Promozioa, segidakoa eta basatia izan ordez, dosifikatua izaten ari delako, eta gozamen bat da diskoa aurkezteko ordubete patxadatsu bat izatea. Beraz, eskerrik asko, plazera izan da.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
