«Etxera bidea gertu» lelo berriak maparik gabeko aroa ireki asmo du
Presoen etxerako bidea «legeak dioenaren arabera gauza dadin» hileko azken ostiralean mobilizazio ugari burutu dira gure kaleetan. Sarek eta Etxeratek berretsi dutenez, orain ere, azken urteotan bezala, Euskal Herritik lanean jarraitu behar dugu «maparik behar ez duen aro honetan».

«Aro berri honetan» ez dutela maparik behar helarazi dute Sarek eta Etxeratek. Sinbolo diren geziek «erakutsi diguten bideari jarraikiz», herri eta hirietan egindako mobilizazioen bihotzetik ostiral iluntzean adierazi zutenez, “Etxera bidea gertu” mezua hezurmamitzen hasteko unea da.
Iragan urtarrilaren 7an Bilbon egindako manifestazioak emandako bultzada aprobetxatuz ekin zitzaion hileko azken ostiraleko mobilizazioari. «Manifestatzeko deiari milaka lagunek kalean emandako erantzuna izan zen Bilbokoa eta horrek argi erakusten du preso, erbesteratu eta deportatuen etxerako bidea zeharkatzeko unea iritsi dela eta herri mobilizazioa, berriro ere, ezinbestekoa izango dela», uste dute elkarteek.
Herri eta plaza bakoitzetik euskal jendartea zoriondu nahi izan zuten, milaka pertsonei esker arrakastatsua suertatu zelako deialdia. «Manifestazioak babesa eman dio urte luzez aldarrikatzen ari garenari, alegia, salbuespenen neurrien amaierari; eta indarkeriaren biktima guztiekiko errespetua eta tratamendu bera, biktima guztientzat», aldarrikatu zuten.
Lema berria hizpide, “Etxera bidea gertu”, «geziek markatzen duten bidea da»; ibilbide juridikoa egiten «aspaldi» hasi ziren euskal presoen eskubideen bidea, hain zuzen. Bide hori legezkotasun arrunta aplikatzearena ere badela ohartarazi zuten.
«Ez dira onurak, ez gara zigorgabetasunaz ari -esan zuten-. Presoen eskubideak defendatzen ditugu. Lautik ia hiruk bete dute hirugarren gradura proposatzeko legediak eskatzen duen espetxealdia. Hamazazpi presok gaixotasun larri edo sendaezinak pairatzen dituzte. 70 presok 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean; horietako batzuek, 30 urte baino gehiago».
«Azken urteotan bezala», Euskal Herritik lanean jarraitzeko deia egin zuten «aro honetan ere, etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin». Aro berri honetan ez dutela maparik behar erantsiz, «geziek erakutsi diguten bideari» ekitera deitu zuten. Hitz gutxitan: ‘Etxera bidea gertu’ mezua «egia bihurtzen hasteko unea da».
Ikur berria bazter orotara hel dadin eskatu zuten, «barnera dezagula», aro berri honetarako banderola delako.
Hiru mila lagundik gora
Sarek eta Etxeratek egindako kontaketaren arabera, 3.300 lagun baino gehiago mobilizatu ziren Euskal Herri osoan urtarrileko azken ostiralean. Deitzaileen arabera, 81 herri eta hiritan egindako elkarretaratzeen berri jaso zuten, baina beste hainbat herritan ere egin ziren.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
