Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Izenak

Esaera zaharra eta ezaguna da: “Izena duen guztia bada”; bestera esanda, izendatzen ez den hori ez da existitzen. Agian horregatik eman ohi zaio esateari nolabaiteko izaera magikoa. Karibe aldean esan ohi da ipuinak gauez kontatu behar direla, gauean bizi baita sakratua dena. Garmendia Larrañagak bildutako ipuin batean, gizon bat sorginduta gelditzen da liburu bat irakurtzean; liburua saltzean sorginkeria amaitu zen. Kutunetan haurren babeserako idatzizko formulak gordetzen ziren: ‘‘Inguma ez nago hire beldur/ jesus eta maria ditiak lagun/ zeruan izar lurrean hare/hek guztiak kondatu arte/ ez nigana ager’’.

Izendatzen ez dena, ordea, inexistentziara kondenatzen da. Izenak desagerraraztea euren memoria desagerraraztea da. Azken urteetan migrazio politiken ondorioz hildako eta desagertutako milaka pertsonak zenbakietan geratzeko arriskuaren aurrean, euren izenak gogoraraztea ezinbestekoa da, izendatuz oroimena indartzeko. Aurrekoan Behobian/Pausun egon ginen, Bidasoan eta Tarajalen hildakoen oroimena ekartzen, euren izenak ekartzen, izana izan dezaten:

Larios Fotio, Nana Roger Chimie, Ousman Hassan, Samba Baya, Ibrahim Keita, Abdouraman Bah, Mohamed Kemal, Jeannot Flame, Youssouff, Blaise Fochin, Yaya Karamogo, Faycal Hamadouche, Abdulaye Koulibaly, Tessfit Temzide, Ahmed Belhiredj, Ibrahima Diallo, Yves Martin Bilong, Daouda Mahtma, Luc Firmin Bikai eta beste hainbat.