GARA
GASTEIZ

Sei gudariren gorpuzkiak haien familiei emango dizkiete etzi

Patxi Jaka Bikandi, Jose Martin Arrieta Ikaran, Martin Fabo Colera, Ramon Crespo Ortiz, Fernando Lahera Urrutia eta Inazio Lopetegi gudari eta milizianoen gorpuzkiak beren familiei entregatuko zaizkie datorren larunbatean. Ekitaldia Gogora Institutuaren egoitzan egingo da, Bilbon.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak emango dizkiete gorpuzkiak familiei.

Patxi Jaka Bikandi (Zornotza), Zabalbide Batailoiko milizianoa izan zen eta haren gorpuzkiak Gamiz-Fikan desobiratu zituzten 2019ko ekainean. Memoriaren Institutuaren datu-baseari esker identifikatu ahal izan dira. Dokumentazio historikoaren eta inguruko borroken kronologiaren arabera, Patxi Jaka 1937ko ekainaren 11 inguruan hil zen, baina haren heriotza ez zen inon erregistratu.

Ramon Crespo Ortiz eta Fernando Lahera Urrutia UGT sindikatuari atxikitako Jean Jauresen batailoian borrokatu ziren eta Lanestosakoa eta Sopuertakoa ziren, hurrenez hurren. Inazio Lopetegi Oliden, aldiz, zumaiarra zen eta ELA-STVri atxikitako San Andres batailoiko gudaria izan zen. Hauen gorpuzkiak Bilboko Udalaren Begoñako Argia proiektuaren baitan aurkitu zituzten, 2022ko martxoan, beste 40 pertsonaren gorpuzkiekin batera.

Jose Martin Arrieta Ikaran (Markina-Xemein), EAE-ANVko Olabarri Batailoiko gudaria, Solluben zauritua, Basurtuko ospitalean hil zen 1937ko maiatzaren 9an. Egun batzuk geroago, Martin Fabo Colera martzillarra, Otxandioko batailoiko gudaria, Urduñan zendu zen, 23 urte zituela. Iaz atera zituzten Begoñako hilerritik eta, bi kasuetan, Gogora Institutuaren datu-basean agertzen zen ehorzketa lekua, baina familiek ez zekiten.