Eguraldia lagun, «Aita Mari»-k gaur abiatuko du bederatzigarren misioa

Castelloko Portu Zuzendaritzak itsasora irteteko baimena eman dio “Aita Mari” ontziari. Hala baieztatu zuen atzo NAIZ Irratian eskifaiako kide Mikel San Sebastianek: «Baimena jaso dugu. Lehengo astean egin genuen berrikusketaren ondorioz, inspektoreak eta Castelloko kapitainak zorionak eman zizkiguten ‘Aita Mari’-ren egoera ona dela eta».
Horiek hala, soilik eguraldiak baldintza zezakeen irteera, eta, arratsaldean jakin zenez, baldintzak egokiak izango direnez, gaur goizean abiatuko dira Mediterraneo erdialdera bizitzak salbatzera.
«Pozik» daude ontzian Izan ere, ezezkoaren beldur ziren, halako ikuskapen bat duten bakoitzean gertatzen zaien bezala. Jakin badakite «erabaki politikoengatik» baiezkoa ala ezezkoa jaso dezaketela, esan zuenez.
Bederatzigarren misioak emango die jarraipena Mediterraneo erdialdean egindako aurrekoei. «Noraezean dauden errefuxiatuak lagundu eta portu seguruetara eramatea» dute xede. Iñaki Goñi medikuak euren lana egingo dutela berretsi zuen, lehorrean topatuko dituzten zailtasunez gaindi. «Gauza bat da, itsasoan, zer aurkitzen dugun eta nola ateratzen diren gauzak. Baina portuetan topatuko dugun egoera ezezaguna da. Gure lana egingo dugu, eta espero dugu agintariek eurena egitea».
Goñik aurreko egunetako prestaketak nabarmendu zituen elkarrizketan: «Bizitzen ari garen momentuarekin, aurreko lan guztiarekin, prestakuntzarekin, harrituta nago. Sekulako lana egiten da».
Erreskate teknika eta protokolozko arretan jarri du fokua azken orduetan eskifaiak. «Prestatuta» daudela deritzo medikuak, bere bigarren misiora bidean. Gogora ekarri zuenez, bere lehen misioa covidaren pandemiak markatu zuen, berrogeialdiarekin eta «neurri oso zorrotzekin». Aldiz, San Sebastianentzat lehen aldia izango da itsasoan egin beharreko lan hauetan.
Italiako espedientea
“Aita Mari”-ri zabaldu dioten zigor espedienteaz, San Sebastianek zehaztu zuen portu ezberdinetan gauzatzen den kontrol bera baliatu dutela ontzia ahal izan duten bezainbeste geldiarazteko. «Inspekzio gogorrak egitea Italiaren estrategia zen, itsasontziak ahalik eta denbora gehien geldirik egoteko». Ildo horretan, Italiako Gobernuaren «estrategia aldaketaz» ohartarazi du. «Ahalegin guztiak egin zituzten lehorreratze selektiboak eginez». Europak egin dezakeen presioak egoera alda dezakeela zehaztu du erreskate ontziko eskifaiako kideak.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
